Igandea, 2013-05-19

Etiketen Fitxategia | orokorra

Bidebietako enpresetako langileek greba egin dute

Enpresa guztiak itxiak daude Bidebietan. Kiroldegiak ere ez ditu ateak zabaldu gaurkoan, eta grebaren aldeko kartelak ikus daitezke itsatsirik bertan.

Altzan ezer gutxi dago zabalik

Altzan eta Herreran isiltasuna da nagusi. Auto mugimendua dabil eta denda, taberna eta tailer gehienak itxiak daude. Anbulategia eta botika, berriz, zabalik daude.

Ategorrietako dendaren bat irekia dago

Ategorrietako denda txikiren bat zabalik dago, baina tabernak itxita daude. Edonola ere, inor gutxi dabil kalean.

Intxaurrondoko taberna gutxi batzuetan lanean ari dira

Intxaurrondoko Baratzategi eta Sagastieder kaleetako tabernaren bat irekia dagoen arren, greba da nagusi auzoan, gehiena itxia baitago. Hutsik dago Intxaurrondo Hegoa ikastetxea, eta haur pila bat parkeetan jolasten ari dira. Salesianos ikastetxeko haur batzuk eskolara joan dira.

Garberako denda gehienak irekita daude

Eroski supermerkatua itxia dagoen arren, Garbera merkataritza gunea zabalik dago. Aki brikolaje dendan lanean ari dira, baita taberna eta denda gehienetan ere: H&M, Promod, Tello, Time Road, Gocco, Imaginarium, Game Stop, Bershka, Media Market, Forum… Lagun gutxi batzuk hurbildu dira merkataritza gunera, eta bertan kontsumitzen ari dira. Kalean grebaren inguruko eskuorri mordoa daude botata.

Inor gutxi dabil Txomineko botikan eta anbulategian

Lanean ari dira Txomin Eneako botikan eta anbulategian, baina lan gutxi dute, lagun bakan batzuk baitabiltza kalean.

Loiolako topoaren inguruko lanak geldirik daude

Gaurkoan denda txiki guztiek utzi diote lan egiteari Loiolan. Ile apaindegiak, supermerkatuak, tabernak, okindegiak, burdindegia, botika… guztiak itxita daude. Euskotreneko topo geltokiaren inguruko obra ere geldirik dago, langileak ez baitira lanera joan. Hori bai, La Salle ikastetxeko ikasle asko patioan jolasten ari dira, irakasleen begiradapean.

Martutenen dena itxia dago

Itxiak daude Martuteneko Arantzazuko Ama ikastola, supermerkatua, gasolindegia,tabernak, botika eta denda txiki guztiak. Guztiek grebarekin bat egitea erabaki dute, eta inor gutxi ikus daiteke kalean. Banketxe batean bakarrik ari dira lanean.

Martuteneko industriaguneko enpresek ateak itxiak dituzte, eta oso auto mugimendu gutxi dago

Martuteneko 27 industriagunean ez dago ohiko astegun bateko auto mugimendurik. Lasaitasuna da nagusi inguruan, eta ez dago ia zaratarik. Enpresetako pertsiana guztiak jaitsiak daude, baina auto dezente ikus daitezke aparkalekuetan. Gainera, tailerren batean lanean ari direla pentsa daiteke, kanpotik entzun daitekeen makina soinuagatik.

LABek, ezker abertzaleak eta Gazte Independentistek hiriko eragileak deitu dituzte erreformari erantzun bateratua ematera

Hilaren 16an bilera egingo dute Okendo kultur etxean, martxoaren 29rako greba komite zabal eta sindikalak antolatzeko. Donostiako LABek, ezker abertzaleak eta Gazte Independentistek agerraldia egin dute goizean, sindikatuaren Groseko egoitzan. Bertan, Espainiako gobernuak dekretu bidez onartutako lan erreformaren inguruko azterketa egin, eta greba deialdiari buruzko informazioa eman dute. Hauen ustez, erreforma “orain arteko bortitzena da” [...]