Ostirala, 2013-05-24

«Adin hoberena orain daukazuna da»

Tximeletak urte asko daramatza gimnasia erritmikoa eta beste hainbat kirol ekimen eskainiz gazte eta helduei.

Naiara Molina eta Ikasbide ikastolako gimnasia erritmikoko taldea. (Argazkia: Agurtzane Altuna)

Tximeleta taldea 1994. urtean sortu zuten. Gimnasia erritmikoa bakarrik erakusten zuten hasiera hartan, baina erabiltzaileak gero eta jarduera gehiago eta ezberdinagoak eskatzen hasi ziren, eta behar horietara egokitu dira. Tximeleta taldeak 2009. urtean hartu zuen egungo egitura. Piskanaka gizarteko hainbat arlotara zabaldu eta egokitu dira. Kirolaz gain, aisialdiarekin lotutako hainbat jolas-jarduera ere lantzen dituzte: dantza, judoa, antzerkia, padela, gimnasia erritmikoa… Naiara Molina formakuntzaren eta ikastaroen arduradunaren esanetan, «haur jaio berrietatik hasi eta zahartzaroraino, pertsona guztiak izan daitezke gure bezero. Gure lemak ederki erakusten duen moduan, adinik hoberena orain daukazuna da».

Belaunaldiz belaunaldi
Urte asko daramatzanez Tximeleta taldeak lanean, ikasle izandakoak irakasle izatera heldu dira. Horixe da, adibidez, Naiara Molinaren kasua: gimnasia erritmikoa ikasten hasi zen umetan, eta gaur egun berak irakasten die txikiei. «Familia handi bat bezalakoak gara, belaunaldi ezberdinetako jendea gaude lan taldean», dio Naiara Molinak. Talde bateratua izate horrek, gainera, sendotasun handia ematen omen dio beraien zerbitzuari.

Oraindik baldar samar ari dira padel ikastaroko lehen saioetan. (Argazkia: Agurtzane Altuna)

Adar askotako enborra
Gaur egun ikastetxeak dira Tximeleta taldearen bezero nagusiak. Hogeita bost irakasle dituzte lan taldean, eta horrek eskolaz kanpoko hainbat jarduera eskaintzeko ahalmena ematen die. Ikasbide ikastolan, padela eta gimnasia erritmikoa eskaintzen dituzte, besteak beste. Gimnasiako taldea handia da, baina oso mutil gutxi daude. «Gimnasia erritmikoa gehienbat neskek egiten dute, hori egia da, baina mutilek ere parte har dezaten gimnasia dibertigarria programa ari gara lantzen. Lehenengo urteetan haurrak animatzen baditugu, gerora ere berdintasuna lortuko dugu», dio Naiara Molinak.

Gorputzaren postura egokia lortzeko lan asko egiten dute ikasleek. (Argazkia: Agurtzane Altuna)

Tximeletak ez du lehiakortasunarekin lotutako jarduerarik eskaintzen; guztiak dira ongizatearekin lotutako ekimenak, bai ongizate fisikoa eta baita emozionala ere.
Kirola eta ongizatea

Tximeleta taldeak argi du ariketa fisikoa egiteak edo taldekako jolasek asko laguntzen dutela norbanakoaren ongizatean, eta alor desberdinetara zabaltzen saiatzen dira ideia hori. Ikastaroak ematen dituzte, gurasoentzako adibidez. Eta Gipuzkoan lehenak dira enpresetan ongizatea lortzeko lanean ari direnak. Langileen arteko harremana nola sendotu, lanpostuan gorputz jarrera egokiak edukitzen erakutsi, edo taldean lan egiten erakusten dute adibidez, pilates edo bestelako estiramentu saioen bidez edo jolas aktibo batzuen bitartez.

Kalitatearen berme
Urtetako lanak eta Tximeletako langile orok ekimen bakoitzean igortzen duen ilusioak saria izatea espero dute orain. Beraien eskaintza kalitatezkoa dela bermatzeko prozesuan daude: kirol kudeaketa onagatik Euskalit-ek ematen den 3K ziurtagiria, alde batetik; eta euskarazko ekimenak direla bermatzen duen Bikain ziurtagiria, bestetik. Tximeletak hegan jarrai dezala.

, , ,