Laurent Cantetek Zuzendari Berriak saileko saria irabazi zuen 1999an; hirira Urrezko Maskorraren bila itzuli da
Hollywoodeko izarrak nagusi dira Zinemaldian. Susan Sarandon, Richard Gere, Ben Affleck, Oliver Stone, Benicio del Toro, John Travolta…. aurpegi ezagun ugari igaro dira jada alfonbra gorritik, jaialdiaren 60. urtemuga abian jarri zutenetik. Bada, aurpegia horren ezaguna ez, baina talentua horien pare duten aktore eta zuzendariek ere hartu dute ostatu Donostian. Horietako bat Laurent Cantet zuzendari frantziarra da.
Fernando Truebak bereganatu zuen atzo arreta; itzalean, ordea, zuzendari espainiarrak eta orain arte hirian izan diren izarrek sortutako ikusmina piztu gabe, Cantet azaldu zen komunikabideen aurrean. Foxfire (2012) filma ekarri du besapean, Sail Ofizialean arrakasta lortzeko asmotan. Gainontzeko hautagaiek arerio gogorra dute, frantziarrak sariak lortzea zer den ondo baino hobeto baitaki.
Hasteko, duela 13 urte, Cantetek Zuzendari Berriak saileko saria irabazi zuen Zinemaldian, Ressources humaines (1999) lanarekin. Lehen film onenaren eta aktore berri onenaren –Jalil Lespert– Cesar sariak ere jaso zituen pelikula hark. Ondoren, garaikurrak pilatu zituen: Urrezko Palmorria Cannesen, Entre les murs (2008) filmarekin, besteak beste.
Foxfire pelikula oso gustukoa izan zuten atzo ikusi zutenek. New Yorkeko estatuan garatzen da istorioa, 1953. urtean, hiri txiki bateko langile-klaseko auzo batean. Gizonek kontrolatzen duten gerraondoko indarkeriazko kulturaren erdian, nortasun handiko neska-talde batek odolezko ituna egin eta Foxfire banda sortuko dute: emakumezkoen ezkutuko elkartea.
Trueba, protagonista
Asteburu luzearen eromena igarota, Fernando Trueba izan zen atzoko izarra komunikabideek eskainitako arretari erreparatuta; irabazitako Oscar eta Goya sariek pisu handia dute. El artista y la modelo (2012) filma ekarri du Donostiara, eskultore zahar baten eta bere emaztearen istorioa Sail Ofizialean kontatzeko; zuri-beltzean eta frantsesez.
















