Maribel G. Matranek hondar tindatuz eginiko hogeita zazpi margolan ditu ikusgai Loiolako kultur etxean

Maribel G. Matran margolariak gustora erakusten dio bere teknika edonori. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Espainia eta Europako hamaika tokitan erakutsi ditu bere lanak Maribel G. Matran artistak, baina lehen aldia da Donostian erakusketa antolatu duena. Kontraesana dirudi, Madrilen bizi bada ere, Donostiarekin lotura handia duelako: bere senarra Loiolakoa da eta maiz izaten dira hemen. «Oso gustura nago, etxean bezala sentitzen naizelako hemen, eta betiko lagunei nere lanak gertutik erakusteko aukera aprobetxatzen ari naiz», aitortu digu margolariak.
Hondar tindatuak
Hondar tindatuaren teknika lantzen du Maribel G. Matranek. Bere koadroetan ikus daitekeenez, orain artista hutsa bada ere, 57 urterekin, kasualitatez sartu zen teknika hau bere bizitzan. «Seme alabak unibertsitaten hasi zirenean denbora asko nuen niretzat eta eskulan tailer batean hasi nintzen», dio margolariak. Ikastaroetan hondar tindatuen teknika ikasi zuen, baina marrazkiez haratago, teknika hori erabilita gauza asko egin zitezkeela ohartu zen. 2006. urtean bere koinatari Gauguin-en lan inpresionista baten erreplika egin zion. Handik aurrera, piskanaka-piskanaka kolore nahasketa berriak eginez, bere kasa probatzen eta ikasten joan da. 2008. urtean egin zuen bere lehen erakusketa Frantzian, eta ordutik, gelditu gabe dabil batetik bestera.
Begiek harrapatzen dutena
Maribel G. Matranek asko bidaiatzen du senarrarekin batera, eta bidaia horietan aurkitzen du inspirazio iturria. «Begiek erakusten didate nire hurrengo lana. Edonon nagoela ere, une bat, egoera bat edo leku bat berezia iruditzen bazait, argazki bat ateratzen diot, eta gero margotu», aitortu du Maribel G. Matranek.
Bere begiek harrapatutako une bat izaten denez, margolari honen koadro bakoitzak istorio bat gordetzen du atzean. Guztiek ezkutatzen dute senar-emaztearen oporraldi bat, gertaera bitxiren bat… Bere margolan batean adibidez, Alemaniako paisaia bat ageri da, eta bertako harkaitzetako area erabili zuen margolana egiteko.
Kolore berdea beti agertzen da Maribel G. Matranen lanetan. «Asko gustatzen zaizkit loreak edo landareak eta normalean nire lanetan agertzen dira», onartu du margolariak. Txikiak, handiak, naturako paisaiak, hondartzak, putzuak… denetarik ageri da margolanetan, pertsonak izan ezik. Maribel G. Matranen esanetan, «ez dut sekula erretraturik egin. Egiteagatik egingo nuke, baina begirada batek adierazten duena islatzea oso zaila dela iruditzen zait».
Artista erakusketan
Hondar tindatuen teknika ez dago oso zabaldua maila honetan. «Batzutan bakarrik sentitzen naiz, gauza asko nere kaxa ikasi ditut eta, dudak edo arazoak sortzen zaizkidanean, ez daukat maila berean margotzen duen beste inor ezagutzen berarekin nere kezkak partekatzeko», onartu du Maribel G. Matranek.
Agian hondar tindatuen teknika ez delako oso ezaguna erabaki du margolari madrildar honek bere erakusketetan egotea. Loiolako kultur etxean, adibidez, astelehenetik ostiralera egoten da,16:00etatik 20:30etara. Erakusketa ostirala, hilaren 28a arte egongo da ikusgai.
Maribel G.Matranen lanetan argi eta garbi ikus daiteke, gogoa izanez gero, hondar alez-ale gauza handiak egin daitezkeela; bizitzan bezalaxe.


















