Monpaseko pasabidearen egitasmoarekin zer egin eta zein urrats eman adosteko udal talde guztietako ordezkariek bilera egin zuten atzo. Udal gobernuak jakinarazi duenez, bileran parte hartu zuten guztiak bat datoz Espainiako Gobernuko Kosta sailak bidalitako informazioa «eskasa» dela adierazterakoan. Hori dela eta, udal gobernuak exekuzio proiektua, hots, behin betiko proiektua, bidaltzeko eskatuko dio Kosta sailari. Udaletxean jaso dutena laburpen memoria dela diote eta ez proiektua, zehaztu du udal gobernuak.
Udalak esku artean duen informazioa partekatzeko bilera izan zen atzokoa. Udal gobernuak, bada, Hiri Mantenu, Herri Lan eta Proiektu eta Hirigintza sailei eskatutako txostenak eman dizkiete oposizioko taldeei. Kosta sailari eskatutako proiektua udaletxera helduz gero, proiektu horren nondik norakoak aztertuko lituzteke udal teknikari nahiz udal taldeetako ordezkariek hurrengo bilera batean.















