Asteazkena, 2013-06-19

Ogia kutxa batean

Bost kamioi kontainerrek osatzen dute Frantzia pasealekuko behin behineko okindegia. (Argazkia: Mikel Goñi)

The Loaf in a Box ekimenaren arduradunek behin-behineko artisautza okindegia jarri dute Frantzia pasealekuan; bezeroek gustuko dute.
Ogia kutxa batean. Horixe litzateke The Loaf in a Box ekimenaren izenaren itzulpena. Hala ere, okindegia kutxa batean litzateke errealitatea hobekien islatzen duen esaldia; izan ere, Frantzia pasealekuko bost kamioi kontainerrek osatzen duten egiturak ogitegi bat gordetzen baitu bere baitan. Irailean kenduko dute. Dena den, hori gertatu baino lehen, bertan artisauen moduan egindako produktuak saltzeaz gain, jateko honen inguruko ezagutza zabaltzen saiatuko dira arduradunak.

La Salsera «ideia fabrikako» kidea da Andoni Munduate ataundarra. Bere taldearen buruetatik irten da behin behineko okindegiaren ideia, Musika parkean eta beste hainbat proiekturen moduan. Horretarako, ordea, laguntza izan dute; hain zuzen ere, ogiaren munduan aski ezaguna den Iban Yarza bilbotarra beraiekin arituko da uztailean, eta Munduatek dioenez, «munduko okinik onena, Dan Lepard, hiru hilabeterako ekarri dugu Donostiara».

Lepard Europa osoan ezaguna den The Handmade Loaf (Eskuz egindako ogia) liburuaren egilea da. Munduateren taldeak liburua erdaraz argitaratzeko lanak bukatu zutenean, Lepard Donostiara etorri zen ikastaroren bat emateko, eta aurkezpenerako. «Hiriarekin maiteminduta gelditu zen, eta etortzea eskaini genionean berak eskatu zigun hiru hilabeterako izatea».

Txanponaren bi aldeak
Ogia artisauen moduan egiten du Lepardek, eta horixe bera da Frantzia pasealekuko «kanpainako okindegian» egin eta saltzen ari direna. Artisauen moduan lan egiteak ekoizpenaren kopuruari mugak jartzen dizkio. Horrek eta behin behineko okindegiak sortutako jakin minak ogia labetik irten bezain pronto saltzea ekarri dute.
Egiako Maria Corral adineko emakumea da, eta zorionekoa izan da, 12:30ean labetik atera dituzten 80 ogietatik azkena erosi ahal izan duelako. «Atzo ikusi nuen hau hemen zegoela, eta ogia, baina benetako ogia, asko gustatzen zaidanez, gaur etortzea erabaki dut».

Olatz Guerrak ordea zorte gutxiago izan du, eta hurrengo labekada irten arte itxaron beharko du. «Gogo ikaragarria daukat ogi hori probatzeko. Leparden liburua etxean daukat eta bere ogia probatu nahi dut».

, ,