Bost auzo elkartetako ordezkariek udal gobernutik jasotako erantzunaren balorazioa egin dute
Udazkenean jarri zuen udalak Auzo eta herriak Donostia indartzen ekimena. Guztira, 32 bilera egin zituzten eta 621 proposamen batu zituzten. Hilabeteotan eskaera horiek banan-banan aztertu ostean, proposamenek udalaren erantzuna jaso dute. Juan Karlos Izagirre alkateak laburbildu duenez, 621 izan dira herritarrek egindako eskaerak eta horietatik 267k dute aurrera egiteko konpromisoa. 198 ezingo direla egin argitu dute eta beste 156 egoera ekonomikoak, udalbatzaren gehiengoak edo beste erakunde batzuen erabakiak baldintzatuko dituzte. Auzo elkarteek udal gobernuaren erantzunak gainbegiratzeko aukera izan dute eta bost elkartetako kideek euren balorazioa plazaratu diote Irutxuloko Hitzari.
AMARA
Udaleko ordezkariek auzora hurbildu, proposamenak jaso eta erantzuteko izan duten interesa nabarmendu du Arkaitz Aranburu Amara Bai auzo elkarteko kideak. «Azken urteetan ez da erantzunik izan eta, orain, erantzuna batzuk gustatuko ez zaizkigun arren, gutxienez, erantzunak baditugu», azaldu du.
Amaran, 33 proposamen egin zituzten eta 16k jaso dute baiezkoa. Aranbururen esanetan, aldarrikapen nagusietako bat euren izatea onartzea da; alegia, Amarak –edo Amara Zaharra bezala ezagutzen dena– izaera bereizgarriagoa izatea. «Erdialdetik oso hurbil gaudenez, dena gure auzoari begira dagoela diote, baina gure auzoari begira ez dago ezer», esan du Amara Baiko kideak. Hori dela eta, Amarari begirako neurriak hartzea izango litzateke auzo elkartearentzat aurrerapausoetako bat.
Amararen berrantolaketa ere «premiazkoa» dela azpimarratu du Arkaitz Aranburuk. «San Bartolomeko obra eta auzoren arteko haustura egitea» nahi dute. San Bartolomeko egitasmoak auzoaren garapena baldintzatzen duela uste du amaratarrak. «San Bartolomeko beharrak alde batetik joatea eta gure auzoko beharrak bestetik joatea» da erdietsi nahi duten lorpena.
AÑORGA
Añorga Kultur eta Kirol Elkarteko kideek zerrendatu dituzte udalak Añorgan antolatutako bileretan egindako proposamenak. Hala nola, haurrentzako parke bat egitea iradoki zuten eta, udal gobernuko kideek erantzun dutenez, «proiektua eginda dago eta aurten egingo da obra. Haur parkearen kokapena prozesu parte hartzaile baten bidez aukeratuko da».
Añorga Kultur eta Kirol Elkarteko kideentzat «egitasmorik potoloena» dena, ordea, ez dutela egingo adierazi dute. Zinea delako eraikinean, astean, 550 neska-mutilentzako hamaika kirol eta kultur jarduera antolatzen dituzte. Ekintzak Añorga Kultur eta Kirol Elkarteak antolatzen dituen arren, Rezolarena da eraikina. Eskaintza hori indartzeko asmoz, eraikina desjabetzea gustatuko litzaieke. Udalak, ordea, argi dio: «Zinea desjabetu eta berritzeko inbertsio ekonomiko handia egin beharko litzateke eta udal gobernuak ez du hori egiteko modurik ikusten, ez berehala, behintzat». Añorga Kultur eta Kirol Elkarteko kideek argi dute: «Txabola txiki horretan ez da sosik ikusiko».
EGIA
Egiako behar nagusiak, berriz, Egia Bizirik auzo elkarteko Mikel Pikazak azaldu ditu. Auzoan, denera, 45 eskari egin zituzten eta 19 beteko dituzte. Lehenik eta behin, auzoko ekimenak aurrera eramateko, egiatarrek lokal bat beharko luketela zehaztu du Pikazak. Helburu hori betetzeko, Villa Salia erabili ahal izatea aipatu zuten batzarretan. Udalak Villa Salia Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari utzita dagoela argitu du. Hala ere, kultur etxeak bere baliabideak «elkarteen eskura» jartzen dituela nabarmendu dute. Hain justu, «kultur etxe irekiagoa izatea nahi dugu», dio Egia Bizirik elkartekoak. Elkarlanean aritzeko arduradunekin hizketan ari direla esan du Mikel Pikazak eta harreman polita lortu dutela dio.
Egiatarrek, bestalde, auzune batzuetara iristeko erraztasunak eskatu dituzte. Dela autobus eta bestelako garraio publiko bidez, dela igogailu eta arrapala mekaniko bidez. Aldapa auzunera heltzeko mikrobusa jartzea Dbuseko plan estrategikoan barneratuta dago; aurrera egitea, ordea, udalbatzaren esku dagoela dio udal gobernuak. Igogailu eta arrapala mekanikorik jartzeko, berriz, oraingoz ez dago asmorik.
Hala eta guztiz ere, udal ordezkarien jarrera «oso polita eta interesgarria» iruditzen zaio Mikel Pikazari. Ekimenak auzoa hobetu eta auzoan antolatzen laguntzeko balio duela eta elkarlanean jarraitzeko asmoa dutela gaineratu du.
ALTZA
Ekimenaren karietara, udalak «esfortzu handia» egin duela txalotu du Herripe auzo elkarteko Jose Anjel Apaolazak. Denera, 37 proposamen erantzun dituzte eta 15ek dute baiezkoa.
Plan Orokorra moldatu eta Altzarentzat plan berezi bat da Jose Anjel Apaolazak azpimarratu duen eskaeretako bat. Udal gobernuak mahai gainean dagoen Altzako Plan Integrala «berreskuratu, berraztertu, eguneratu eta helburu berriak ezartzeko» asmoa du. Orain arteko planak Auditz Akular hirigintza egitasmoa zuela ardatz azaldu du Herripeko kideak. Egitasmo hori gaur gaurkoz ez du udal gobernuak lehentasunen artean, lanak «bideragarriak ez» direla diote. Hori dela eta, Altzatik begira egindako plan bat behar dela zehaztu du. «Orain arte Donostiako Udalaren ikuspegitik egin da lan», esan du. Jose Anjel Apaolazak, bestalde, Donostia Sustapenak hiriko ekonomia suspertzeko plana goraipatu du, Altzarentzat lan ildo berezia jorratu dutelako. «Ona da hori, Altzak baitu hiriko langabezia tasarik handiena eta batez beste diru sarrera txikienak», adierazi du.
PARTE ZAHARRA
Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteko ordezkariak, Xabier Arberasek, bileretan egindako proposamenak baino, bilerek auzo elkarteko antolaketan eragin zuen bultzada azpimarratu du. «Bilera haiei esker hartu genuen gure auzo elkartea sortzeko behar genuen abiada; eratze prozesua irekitzeko balio izan du. Proposamen eta lehentasunekin auzo elkartearen norabidea kokatzea lortu genuen», jakinarazi du Arberasek.
Parte Zaharrean, beste auzo guztietan bezala, hamaika dira aldarrikapenak. Trinitate plaza estaltzea izan daiteke urte askoan borrokan ari diren eskaeretako bat. Udal gobernuarentzat «lehentasun handia» du frontoia estaltzeak. Egungo egoeran, baina, «ezin da obra hori egin, ondasun interesgarritzat katalogatu izanak ez baitu aukerarik ematen frontoia estaltzeko». Horretarako, plan berezia aldatu beharko litzatekeela dio udal gobernuak emandako erantzunak.















