Ekonomia suspertzeko laguntzekin 300 bat kontratu bultzatu nahi ditu Donostiako Sustapenak
Donostiako Sustapena pixkanaka ari da hiriko ekonomia suspertzeko plana xehatzen. Maiatzaren 25ean zabaldu zuten Altzan enplegu bulego bat, bihar izango da kontratu berriak lotzea jomuga duen Enplegu Azoka eta atzo aurkeztu zituzten kontratazioa sustatu eta enpresa berriak sortzeko ekintzaileek eskura izango dituzten laguntzak. Denera, 880.000 euro bideratuko ditu Donostiako Sustapenak. 607.000 euro kontratazioak bultzatzeko eta 281.000 euro sortzen diren enpresa berrientzat.
Iaz helburu berberarekin pareko diru laguntzak banatu zituzten eta 250-300 kontratu inguru bultzatu zituzten. Aurten ere 300 bat izatea espero du Donostiako Sustapenak. Enpresa sortzeko, iaz, 250.000 euro bideratu zituzten eta laguntzak agortu zirela zehaztu du Euken Sese Sustapen zuzendariak.
Aurtengo laguntzek, besteak beste, Altzako eta 27 Industrialdeko egoera hobetzea dute lehentasun. Hala, Altzan dagoen enpresa batek langileren bat kontratako balu 4.000 euroko laguntza jasoko du. 40 urteko langabetu bat kontratatzeagatik ere laguntza bera emango du Donostiako Sustapenak. Unibertsitateko titulua izan eta 30 urtez azpiko gazteak kontratatzen dituztenek, berriz, 3.000 euro jasoko dituzte. Gainerako kontratuentzat Donostiako Sustapenak 2.000 euro bideratuko ditu. Eskaerak azaroaren 30a baino lehen aurkeztu behar dira.
Enpresa berriek, bestalde, 1.000 euro jasoko dituzte. Altzan, 27. Industrialdean badaude ala sektore estrategikoekin lotura badute, laguntza bikoiztu egiten da. Enpresa sustatzaileak lan merkatura sartzeko zailtasunak dituzten herritarrak izanez gero, laguntza handiagoa izango da. Eskaerak urtea amaitu baino lehen egin behar dira.













