Igandea, 2013-05-19

Uholdeen aurkako larrialdi plan berri bat osatu du Babes Zibilak



Ibaiaren maila zein den ikusteko neurgailu bat dago Martutenen eta beste bat jarriko dute Txomin Enean

Udalak indarrean zuen larrialdi planak hainbat gabezia zituela erakutsi zuten azaroko uholdeek. Hori dela eta, larrialdi plan berri bat osatzea erabaki du udaleko Babes Zibilak. Nekane Burutaran Babes Zibileko zinegotziak bizilagun eta larrialdi zerbitzuentzat «gida liburua» izango dela azaldu du. Era berean, «dokumentu bizia» dela eta dena delako egoeraren aurrean egokitzeko aukera egongo dela jakinarazi du.

Planak arriskua iritsi baino lehen hartu beharreko neurriak zehazten dituela azaldu du Babes Zibileko zuzendariak, Txetxu Mendizabalek. Horregatik, gorabeheraren bat aurreikusten den bakoitzean, Euskalmetek ematen dituen meterologia abiasuak gertutik jarraitu eta ibaian dauden neurgailuak arretaz begiratuko dituzte.

Ahalik eta datu gehien biltzeko, Martuteneko neurgailuaz gain, Txomin Enean beste neurgailu bat jarriko dute. Ibaiaren ur maila 3,4 metrora iristen denean ezarrita dago hasierako alerta egoera. Ebakuzio egoerara iristeko, berriz, urak 4,2 metroko maila gainditu beharko luke. Azaroko uholdeetan ura 5,45 metrotara iritsi zela esan du Txetxu Mendizabalek.

Urak gainezka egin aurretik eta uholdeak igaro ondoren eman beharreko pausoak zehazten ditu planak. Une horietan guztietan herritarrek zer egin beharko luketen finkatzeaz gain, udal zerbitzu eta gainerako larrialdi taldeen lana zein izango den zehazten du.

Herritarrek neurri horien guztien berri izan dezaten, eskuorriak banatuko dituzte Loiolako, Txomin Eneako eta Martuteneko atari bakoitzean.

, , , ,