Astelehena, 2014-07-28

Enplegu bulego bat zabaldu dute Altzan, Larratxo pasealekuko 55. atarian

Langabeziak inon baino gogorrago jo du Altzan. Hirian, orotara, 11.000 dira langabeak, biztanleria aktiboaren %12. Altzan, 1.750 lagun ari dira lan bila eta hiriko langabezia tasaren %15,7 osatzen dute. Indize horri aurre egiteko neurriak hartu ditu Donostiako Sustapenak. Altza Kultur Etxeko eraikinean enplegu bulego bat egokitu dute eta aholku eta formakuntza behar duen edonorentzat dago zabalik. Goikoa jauregiko leihatilan eskaintzen dituzten zerbitzu berberak eskainiko ditu goizeko 9:00etatik 17:00etara.

Donostiako Sustapenaren erronka Altzako langabezia tasa %10 jaistea da, alegia, 150-200 kontratazio inguru lortzea. Ekonomia Sustatzeko planak, bide batez, auzoko dendarien egoera hobetu nahi du, sektore horretan 40-50 lanpostu sortuz. Horretarako Altzako dendarien elkartearekin, Auzoarekin, hitzarmen bat sinatu berri dute. Herritarrak etxe ondoko dendetan erostera bultzatzeko egitasmoak bultzatuko dituzte aurrerantzean.

Udalak abian jarri duen Ekonomia Sustatzeko Planak Altzan ez ezik Martuteneko 27. Industrialdean ere hartu nahi ditu krisiari aurre egiteko neurriak. Planak, denera, bost milioi euroko inbertsioa aurreikusten du eta udalak lau milioi euroko ekarpena egingo du. Josu Ruiz Sustapen zinegotziak, dena den, diru-laguntza gehiago heltzea espero dutela adierazi du.

, , , , ,