Ostirala, 2014-11-28

Kontakizunak eta musika batuko dituzte

Koldo Amestoyk eta Pantxix Bidartek ikuskizun berezia eskainiko dute 
Viktoria Eugenian

Atturri ibaiaren historia kontatuko du Koldo Amestoyk deskribapen zehatzekin, eta bitartean, Pantxix Bidartek musikarekin apainduko du guztia. Hori da Aneta Bokaleko ikuskizuna, eta Viktoria Eugeniako Club Aretoan ikusteko aukera izango da, maiatzaren 30ean eta 31ean, 21:00etan. Ikuskizunerako sarrerak dagoeneko salgai daude, 10 eurotan, Viktoria Eugeniako leihatilan edo Internet bidez, kutxasarrerak.com webgunean.

Finean, Bokale herriko kondairari loturiko bale ehizaren kronikek eta hainbat kantu eta musikek osatuko dute ikuskizuna. Quebec aldeko San Lorentzo ibairaino eramango dute ikuslea, Ternua uharte aldera… irudimenaren bidez, euskal itsasgizonak ontzi eta txalupetan ikusteko aukera izango da, ekaitz eta olatu artean gatazkan, bale bilaketan eta ehizan…

Ipuinaren berpizte alorrean aintzindaritzat jotzen dute Euskal Herrian Koldo Amestoy, eta horretan dihardu, 1983tik. Bere ikuskizunetan zehar, beti sorkuntza bereziak agertzen ditu, Euskal Herriko ipuin eta mitoetan murgilduz: Herensuge, Lamiak, Basajaunak, eta euskal mendietan dauden beste hainbat pertsonaia aipatzen ditu.

, , , , , ,