Hilaren 14tik greba mugagabea egiten ari dira Donostiako langile baten kaleratzea salatzeko.

Mantenu eta konponketa zerbitzuko langileak kalera irten ziren astelehenean protesta egiteko. (Argazkia: Oarso Bidasoko Hitza)
Zardoya Otis igogailu enpresako langileen hamar egunetako protestek eragina izan dutela dirudi. Hilaren 14etik greba mugagabea egiten ari dira Zardoya Otiseko langileak, enpresak Donostiako egoitzako langile bat kaleratu izana salatzeko. ELA sindikatuko Jose Luis Vidalek aurreratu duenez, akordioa gertu egon daiteke. “Madrilen bilerak egiten ari dira, eta dirudienez, zuzendaritza bidalitako langilea berriro hartzea onartzeko eta 2012an nahiz 2013an lan erreforma aplikatuko ez duela sinatzeko prest legoke”.
Mantenu eta konponketaz arduratzen diren Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 240 langileei eragiten die grebak, horien artean, hirian lan egiten duten 42 lagunei. Hauek estatu osoko Zardoyaren enpresetan indarrean dagoen lan hitzarmena dute. Herrerako fabrikan lan egiten dutenei, berriz, lanuzteak ez die eragiten. Izan ere, fabrikako lan taldeak Gipuzkoako Metalaren hitzarmenaren eta enpresa akordioaren araberako lan baldintzak baititu.
Lana ere bermatu
Protestaren sorburua aipatu bezala, langile baten kaleratzea izan zen. ELAko ordezkariak argitu duenez, “enpresa kaleratzeak egiten aritu da Estatuan, baina ez du erantzunik izan. Gipuzkoan egin zuenean, ordea, langileek ez onartzea erabaki zuten”. Bidalitako laguna berriro hartzeaz gain, lan baldintzen mantentzea ere eskatzen dute grebalariek. “Dagoen lana autonomoei nahiz azpi kontratatutako zerbitzuei ez bideratzea nahi dute”, zehaztu du Vidalek.
Adostasuna lortzen duten jakiteko oraindik egun batzuk beharko dira, baina hala balitz, ez da Zardoya Otiseko ordezkariek amore eman behar izango duten lehen aldia. Izan ere, 2009an multinazionalak gauzatu nahi zuen Enplegu Erregulazio Espedientea (EEE) bertan behera uztea lortu baitzuten langileek euren protesten bidez. Egoera bere onera itzuli bitartean, erreskate zerbitzua.
Cementos Rezolan irtenbide bila ari dira
Zuzendaritzak akordioa lortzeko «borondate gehiegi ez duela» salatu dute langileen ordezkariek.
FYM enpresak Añorgan duen Cementos Rezolako langileek zuzendaritzarekin duten lan gatazka konpontzeko bidean dela dirudi; nahiz eta beharginek “nahiko luketena baino gehiago” luzatzen ari den. Urtarrilean hasitako lanuzteak martxoaren 12an bertan behera utzi zituzten, enpresak langileen ordezkariak bilera egitera deitu baitzituen. Ordutik hamabostean behin edo elkartzen dira, baina LABeko ordezkaria den Victor Berilio langileak argitu duenez, “akordioa lortzeko borondate gehiegi dutenik ez dirudi. Hainbat adostasun ildo baditugu, zer eman eta hartzeko prest gauden argi dugu, baina zenbakien kontua eztabaidatzen ari gara”.
Indarrean dagoen lan hitzarmenak barneratzen zuen enplegu plana ez betetzea da ezadostasunaren iturria. Itunare arabera, enpresak hamar langile hartu behar zituen lau urteko epean, baina ez du hala egin. Langileek salaketa jarri, eta aldeko sententzia jaso zutenean, enpresak Arrigorriagako (Bizkaia) fabrikan langile bat kaleratu zuen. Horrek, kalera irtetera bultzatu zituen langileak. Urtarrilean, astelehenero bi orduko lanuztea egiten hasi ziren Añorgako fabrika aurrean. Enpresaren jarrera ikusita, paroak ugaritzea erabaki zuten, eta horrekin lortu zuten bilerei ekitea.
Lan gatazka piztu zenetik, langileen borondatea akordioa lortzea izan da. Berilioren ustez, ordea, FYMko ordezkarien nahia beste bat da. “Indarrean sartu berri den lan erreformak enpresaren nahien %90 biltzen dituenez, ahalik eta gehien luzatu nahi dute”. Hala ere, berandu baino lehen, gatazka konponduko dutela uste du.
Etxadiko langileak kaleratzeen aurka

Ondarretako Tenis Elkarteak Etxadi kudeatzen ez jarraitzeko erabakia hartu izanak, bertako zenbait langileren lanpostua kolokan jarri du. Zehazki, harreraz eta mantenuaz arduratzen diren sei lagun bidal ditzakete. Horregatik, datorren asteazkenean greba hasiko dute; eta irtenbidea lehenago aurkitu ezean, ekainaren 15a arte luzatuko dute. Egun horietan kiroldegiaren atarian nahiz udaletxe aurrean protestak egitea aurreikusi dute. ELA sindikatuko ordezkariak, udalarekin, Kirol Patronatuarekin eta Tenis Elkartearekin irtenbidea negoziatzen ari dira.













