Asteazkena, 2014-09-03

Gas Natural Fenosa izango da Zinemaldiaren babesle ofizial berria

Ezkerretik eskuinera: Nerea Txapartegi, kultura delegatua; Jose Luis Rebordinos, Zinemaldiko zuzendaria; Jordi Garcia Tabernero, Gas Natural Fenosako ordezkaria; eta Juan Karlos Izagirre, alkatea

Argindar konpainia, TVErekin batera, jaialdiaren diru iturri pribatu nagusia izango da

Donostiako Zinemaldia krisi garaiari aurre egiten eta zailtasun ekonomikoek eragindako diru arazoak gainditzen saiatzen ari da. Babesle ofizial berria lortu du aurten: Gas Natural Fenosa. Argindar konpainiarekin lankidetza hitzarmena sinatu zuen atzo jendaurrean.

Jaialdiko zuzendari Jose Luis Rebordinosek prentsaurrekoan azaldu zuen krisiak gogor astindu duela Zinemaldia. Euren gastu ahalmena %20 jaitsi da azken urtetan, eta 225.000 euro gutxiago jaso dituzte erakunde publikoetatik. Horixe izan da arrazoi nagusia sektore pribatura jotzeko.

Ekarpen «garrantzitsua»
Rebordinosek eta Gas Natural Fenosa konpainiako komunikazio eta prentsa gabineteko zuzendari nagusi Jordi Garcia Tabernerok sinatu zuten hitzarmena.
Garciak azaldu zuen konpainia Euskal Autonomia Erkidegora zabaltzen hasi dela, eta Zinemaldia aukera ona dela oihartzuna egiteko. Ez zuen diru kopururik aipatu, baina ekarpen “garrantzitsua” egin duela adierazi zuen.

Zinema babesteko beste hainbat lankidetza hitzarmen sinatu ditu azken aldian multinazionalak. Sitgesko fantasiazko zinema jaialdia, Malagako zinema jaialdia eta Madrid Premiere Week.

Aurtengo 60. ekitaldiak, beraz, bi babesle ofizial izango ditu: Gas Natural Fenosa eta TVE. Bi horiek izango dira jaialdiari diru ekarpen pribatu handiena emango diotenak.

TVE 2005. urtetik izan da Zinemaldiaren babesle ofiziala. Jaialdiaren Beste Begirada saria eman ohi du. Emakumezkoen unibertsoa ezagutzera ematen duten lanak saritzen ditu.

Laster, kartel irabazleak
Bestalde, aste honetan Zinemaldiaren 60. ekitaldiko berri gehiago jakinaraziko dituzte. Zinemaldiko ziklo berrien ingurukoak, besteak beste. Zikloetako bat Georges Franjuri (1912-1978) eskainiko ziotela iragarri zuten urtarrilean.
Jaialdiak zinemagile frantziarraren filmografia berreskuratu eta atzera begirako bat eskainiko dio bere jaiotzaren mendeurrena betetzen denean. Eta laster beste bi zikloak plazaratuko dituzte.

Ostegunean, Eusko Jaurlaritzaren industria sailarekin hitzarmen bat sinatuko dute; eta ostiralean jakinaraziko dute aurtengo 60. ekitaldiko kartelak zein diseinurekin jantziko dituzten.

, , ,