Asteazkena, 2013-06-19

Zaborren kudeaketaren «bidegurutzea» irudikatu dute Ondarretan

Hondakinak «aukera» bihurtzearen aldekoak dira Gipuzkoako Zero Zabor mugimenduaren aldeko taldeak

Hondakin kopururik txikiena sortu eta zabor bilaka daitekeen material horri beste erabilpen bat ematearen aldekoak Ondarretan elkartu ziren atzo. Gipuzkoan 34 talde dira zero zabor sortzeko politiken alde egiten dutenak eta euren burua aurkezteko ekimena egin zuten atzo Ondarretan.
Zero Zabor mugimenduaren barruan dauden taldeotako ordezkariek zaborrak izan beharko lukeen irtenbidea irudikatzeko ikuskizun txiki bat egin zuten hondartzan. Antzezpen horrekin lurraldeak hondakinen arloan bizi duen egoera irudikatu nahi izan zuten.

Segurako Zero Zabor taldeko Julen Legorburuk adierazitakoaren arabera, Gipuzkoa «bidegurutze» baten aurrean dago. Hondakinen auzia «arazo bat izaten jarraitzea» ala «aukera batean bihurtzearen» hautuaren aurrean dagoela adierazi zuen. Bigarren bide horretatik jo nahi dutela erakusteko, bidegurutze bat mugatu zuten hondarrean eta Gipuzkoako 34 Zero Zabor taldeetako ordezkari banak zabor poltsaz eta errauste plantara jotzen zuen bidea utzi eta lorez apaindutako bidetik jarraitu zuen.

Azkenean, Gipuzkoa Zero Zabor leloa zuen pankartaren atzean argazkia atera zuten. Hondakinen arazoari aurre egiteko duten irtenbidearen berri eman eta euren burua aurkezteko baliatu zuten.

Ondarretan bildutako banakako taldeek, baina, Gipuzkoa «zero zabor» lurraldea bilakatzea nahi dute. Horretarako, herritarren ongizatearen defentsan «ausart» aritzeko eskatu diete erakundeei.

Era berean, zaborren arazoari aurre egiteko irtenbiderik badagoela argi adierazi nahi izan zuten Zer Zabor taldeko kideek. Hondakinetako materialaren balioa berreskuratu, gaika bildu eta birziklatuz errauste plantaren proiektua atzera bota daitekeela aldarrikatu du Legorburuk. «Baliabideak suntsitu eta arazo bihurtzeak zentzurik ez» duela erantsi du.

Bide horretan, gainera, Europako legebiltzarraren Ingurumen Batzordea bidelagun dutela azpimarratu dute. Hortaz, erakunde horrek kaleratutako txostenetan diotena bere egiten dute eta Europan ere «zabortegi eta errauste plantak kentzen joatearen alde» egiten dutela diote. «Baliabideak era efizientean erabili eta posible den neurrian horiek erabiltzearen» aldekoak direla erantsi du Segurako Zero Zabor taldeko kideak.

Errauste plantak, gainera, ez duela zaborra desagerraraziko zehaztu dute. Hala nola, erraustegitik urtero aterako liratekeen «100.000 tona zabor toxikoentzako zabortegiak» beharko liratekeela azaldu dute. Azpiegitura eraikitzeko egindako inbertsioari aurre egiteko, gainera, «hamarkadak» beharko liratekeela jakinarazi dute.

Jardunaldia

Gipuzkoan ez ezik, Europa osoan ere Zero Zabor mugimenduaren inguruan pausoak ematen ari diren. Urrats horien nondik norakoak ezagutzeko Zero Waste Europe taldeko kideek urteroko topaketa egingo dute Donostian. Maiatzaren 11, 12 eta 13an izango da eta Gipuzkoa Zero Zabor Europako sarean barneratzeko aprobetxatuko dute.

, , , , ,