Asteartea, 2014-10-21

Milatik gora donostiarrek galdu dute lana urteko lehen hiruhilekoan


Ehunka donostiarrek izena eman dute aurten Lanbideren erroldetan. (Argazkia. Mikel Goñi)

Lan Behatokiaren datuen arabera, martxoan 136 herritarrek izena eman dute Lanbideren bulegoetan.

Urtearekin batera hasi zuen gorazko joerari eutsi dio langabeziak martxoan ere. Urtarrilean izandako igoeratik urruti bada ere, hazten jarraitzen du etengabe. Okendo kaleko Enplegu Zerbitzu Publikoaren –INEM ohia– Lan Behatokiak ezagutzera eman dituen datuen arabera, 11.000ko langa gainditzetik gertu amaitu zuen hilabetea; 10. 985 donostiar langaberekin, hain zuzen ere. Hau da, 136 lagunek galdu dute beraien lanpostua azken asteetan. Hauek aurreko bi hilabeteetako zenbaketen emaitzei batuz gero, datua esanguratsua da: lehen hiruhilekoan, orotara, 1.179 langabe berri Lanbideren erroldetan. Urtebete atzera eginez gero, 808 izan ziren epe berean zenbatutakoak.
Donostia Sustapeneko Hiri Behatokiaren datuen arabera, azken hilabetean kontratazioak %1,9 hazi dira. Izan ere, 6.618 kontratu sinatu baitira, otsailean baino 126 gehiago. 2011ko martxoko zenbaketarekin alderatuz gero, kontratazioek %4,2 behera egin badute ere, aurten iaz baino 51 lan gehiago sinatu dira. Kontratuen %93 aldi baterakoak dira,%4,4 mugagabeak, eta % 2,7 mugagabe bilakatutakoak. Gehienak, %57,3, emakumezkoei egin dizkiete. Iazko datuekin alderatuta ere, %3,4 hazi dira hauei egindako kontratuak; gizonezkoei egindakoak, aldiz, %12,8 murriztu dira.
Emakumezko gehiagok lana aurkitu arren, txanponaren beste aldean ere –lanik galdu dutenen artean– nagusi dira: 136 langabe berrietatik 75 emakumezkoak dira. Zenbateko orokorrak begiratuta ere, joera bera ikus daiteke: 5.845, 5. 140 gizonezkoren aldean. Adinari dagokionez, berriz, batik bat, 45 urtetik gorakoen artean hazi da langabezia azken asteetan. Hala ere, 25 eta 44 urte artekoen multzoak handiena izaten jarraitzen du. Adin tarte honetan, 5.708 lagun zenbatu zituzten martxoaren 31n. Jarraian, 45 urtetik gorakoak daude: 4.510 lagun. Multzo txikiena, beste behin, 25 urtetik beherakoena da, 767 lagunek osatua.

Parte Zaharrak, hobera
Egoera ekonomiko kaskarrak sektore guztiak erasan baditu ere, ez die maila berean eragin. Guztiek egin dute okerrera aurten, baina langabe berriak, nagusiki, hirugarren sektorean pilatu dira. Hala, zerbitzuetan lan egin nahi dute hauetatik 846k; aktibitaterik gabeko alorrean edo industrian lana bilatzen duten 156 eta 86 lagunetatik urruti. Martxoko joerari dagokionez, aldaketa gutxi izan da. Lehen sektorea bere horretan mantendu da, eta gainontzekoek, gora egin dute. Azken zenbaketan oinarrituta, horrela banatzen dira langabeak lan motaren arabera: Zerbitzuetan, 8.056 langabe; industrian, 1.078; eraikuntzan, 927; aktibitaterik gabeko sektorean, 817; eta lehen sektorean, 107.
Altza da, orain ere, langabe gehien dituen lekua. Guztira, 1.743 auzotar daude lanik gabe, otsailean baino 5 gehiago. Egoera onena duen auzoa, aldiz, Parte Zaharra da, 318 langaberekin. Bertan eta Antigua-Añorga-Ibaeta-Igeldon behera egin du gehien langabeziak. Hurrenez hurren, 23 eta 28 lagunek aurkitu dute lana. Igoera handiena jasan dutenak Amara Berri eta Intxaurrondo dira; martxoan, auzootako 36 eta 35 lagunek lana galdu baitute. Bidebietan, berriz, kopurua bere horretan mantendu da hirugarrengoz. Beraz, 532 auzotarrek jarraitzen dute lan bila.

AUZOZ AUZO

  • Altza. 1.743 (1.738 martxoaren 31n)
  • Amara Berri. 1.291 (1.255)
  • Antigua-Añorga-Ibaeta-Igeldo. 1.217 (1.245)
  • Intxaurrondo. 1.145 (1.110)
  • Egia. 944 (924)
  • Amara Osinaga-Loiola-Martutene. 844 (819)
  • Gros. 804 (796)
  • Miramon-Aiete. 792 (790)
  • Erdialdea-Amara Zaharra. 722 (688)
  • Ategorrieta-Ulia. 536 (528)
  • Bidebieta. 532 (532)
  • Parte Zaharra. 318(341)

, , , , , , , ,