Asteazkena, 2014-07-30

Udal aurrekontua onartzeko ateak ixten ari zaizkie Bilduko ordezkariei

EAJk eta PPk osoko zuzenketa aurkeztuko dute; PSE-EE, berriz, haiekin harremanetan jartzeko zain dago

2012ko udal aurrekontua onartzeko prozesua korapilatzen ari zaio udal gobernuari. Martxoaren 26an bukatzen da zuzenketak aurkezteko epea eta, aurrekontu proiektua aurrera ateratzeko, Bildurekin adostasunera heltzeko aukera gehien zuen udal taldeak, EAJk, osoko zuzenketa aurkeztuko duela jakinarazi du. PPk ere udal gobernuak proiektua aurkeztu bezain laster aurreratu zuen osoko zuzenketa egingo zuela eta ez du, oraingoz, iritziz aldatuko. PSE-EEko kideek ez dute gainontzeko udal taldeen jokabide bera izango dutenik baieztatu. Oraindik haiekin harremanetan jartzeko zain daudela adierazi du Ernesto Gasco bozeramaileak.

Nahiz eta aurrekontua adosteko udal gobernuak beharrezkoa duen gehiengoa lortzeko aukerak egunetik egunera zailago izan, Bilduk ez duela amore emango jakinarazi du Jabi Vitoria Ogasun ordezkariak. «Udal aurrekontua negoziatzen jarraituko dugu», dio. Kudeaketarako aurrekontua tresna «ezinbestekoa» dela azaldu eta oraindik «garaiz» dabiltzala zehaztu du. Oposizioko udal taldeen bulegoen ateetara joko dutela jakinarazi du eta PSE-EEko kideak izan ditu gogoan. Haiengana ere joko dutela berretsi du.

EAJk osoko zuzenketarik ez aurkezteko baldintza bi taldeen arteko «akordio politiko bat lortzea» zela aditzera eman du Vitoriak. Akordio horri «lotuta» egoteko prest ez zeudela erantzun du.

Atez atekoa giltzarri

Udalbatzaren gehiengoak hartutako erabakiak bete eta kudeatzeko udal gobernuaren konpromisoa bilatzen zuten jeltzaleek, aurrekontuak euren oniritzia izan zezan. Halako konpromisorik lortzea «ez da posible izan», esan du Eneko Goia EAJko bozeramaileak. Adostasunera ez heltzeko koska hondakinak biltzeko atez ateko sistemaren baitan egon dela azaldu du Goiak. Egungo sistema indartu eta, bosgarren edukiontzia hirira zabalduz, birziklapen kopuruak handitzea da jeltzaleen apustua. Atez atekoa ez ezartzeko, baina, udal gobernuaren konpromisorik ez dutela lortu aditzera eman du EAJko bozeramaileak eta negoziazioa albo batera uzteko giltzarria izan dela jakinarazi du Goiak.

Osoko zuzenketaz gain, beste zuzenketa batzuk aurkezteko asmoa du EAJk, halaber. Izan ere, Bilduk egindako aurrekontu proiektuak aurreko gobernuak egindakoen «akats berberak errepikatzen» dituela azaldu du. Hala nola, gastu arrunta murrizteko behar besteko neurririk ez dutela hartu eta hainbat diru sarrera «zalantzazkoak» direla esan du.

Illunberen salmenta, esaterako, «zein helbururekin» egingo duten galdetu du Eneko Goiak.

Bilduk krisiari eta etxebizitza beharrari nola egin nahi dion aurre ere ez dutela argitu erantsi du bozeramaileak. Udal gobernuak Kursaal aretoa handitu edota etxebizitzak berritzearen alde ez duela egiten nabarmendu du.

Zentsura mozioa

Bilduk, egun, EAJrekin akordiorik lortu ez badu, PSE-EErekin adostasunera heltzea ere ez da batere erraza izango. Ernesto Gasco bozeramailearen hitzetan, hiru dira bat egin ahal izateko baldintza nagusiak: hiriko ekonomia indarberritzeko enplegu plan bat osatzea, Atotxako autobus geltokiko lanekin «berehala hastea» eta etxebizitzaren arazoari aurre egiteko egitasmoa garatzea.

Gascok, era berean, orain arte haiengana ez dutela jo kritikatu du: «Ezinezkoa da Bilduk zer nahi duen jakitea, hitz egitera hurbildu ere ez direlako egin». Martxoaren 26a bitartean, halere, bost egun dituztela erantsi du.

Aldiz, PPko zinegotzi Jose Luis Arrueren iritziz, Bilduren aurrekontu proiektua «ez da sinesgarria». «Diru sarrerak beteko direla sinestea oso zaila da», dio. Gastuak aurrezteko egin duten ahalegina, gainera, «txikia» izan dela adierazi du. «Guk aurkeztuko ditugun zuzenketekin milioi batzuk aurrez daitezkeela erakutsiko dugu». Inongo lehentasunik ez duten proiektuei ematen dietela garrantzia kritikatu du Arruek. Hala nola, Munto baserriaren eraberritzea edota Igeldoko eskolen teilatua berritzea jo ditu Arruek lehentasunik ez duten egitasmo gisa. Aitzitik, etxebizitza, auzo garaietara heltzeko igogailuak edota Sorospen Etxea aipatu ditu Arruek premiazko.

EAJk osoko zuzenketa aurkeztea «ondo» dagoela esan du Ramon Gomez PPko bozeramaileak. EAJk, ordea, Bilduren aurkako zentsura mozioaren alde egin beharko lukeela dio Gomezek.

Udal gobernuak herritarrei aurkeztuko die bere proposamena

Larunbatean, udal gobernuak herritarrei aurkeztuko die 2012ko aurrekontu proiektua Udalbatza aretoan. 10:00etan izango da, eta udal gobernuko kide guztiek hartuko dute parte. «Aurrekontu proiektua osoko ikuspegitik, orokorki, aurkeztearekin batera, zinegotzi bakoitzak bere ardurapeko sailen aurrekontuen gaineko zehaztasunak ere aurkeztuko ditu», azaldu dute.

Bi orduko iraupena izango du aurkezpenak, eta donostiar guztiei irekita dago. «Herritarren parte hartze politikarekin bat, eta informazio eta gardentasuna aintzat hartuta, udal gobernuak osatu duen aurrekontu proiektua donostiarrei aurkeztu nahi zaie. Bertan, udal gobernuaren lehentasun politikoak eta apustuak non aurkitzen diren nabarmenduko da», erantsi dute.

, , , , ,