Larunbata, 2014-11-01

Aurreiritziak isilarazteko

Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako XV. Martxa egingo dute igandean. 56 elkartek babesa adierazi diote Trintxerpeko azokatik irten eta Bulebarreraino helduko den mobilizazioari. 

'Antizurrumurru' izena jarri diote Usandizagako ikasleek kanpainari. (Argazkia: Maitane Aldanondo)

Etorkin gehienak giza laguntzetatik bizi dira. Immigranteek bertakoek baino delitu gehiago egiten dituzte. Etorkinek lana kentzen dute. Etorkinek heziketa maila txikiagoa dutelako dituzte kualifikazio txikiagoko lanak. Etorkinek ez dute integratu nahi… Aurreiritzi horiek eta antzekoak salatzea helburu izango du igandean egingo duten Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Martxak. Sos Arrazakeriak, MedicusMundik eta Euskadiko GGKEn Koordinakundeak hamabosgarren urtez antolatu dute, gaur ospatzen den Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira. Zurrumurruen aurkako Martxa. Etorkinenganako aurreiritzi eta estereotipoen aurka lelopean, 11.30ean irtengo da Trintxerpeko azokatik; eta 13:00ak aldera helduko da Bulebarrera. Urtetik urtera mobilizazioarekin bat egiten duten elkarteen kopurua hazi egiten da; eta aurten, 56 erakundek euren atxikimendua adierazi dute.

SOS Arrazakeriako Agustin Unzurrunzagak azaldu zuenez, etorkinei buruzko estereotipoak, zurrumurruak eta hauek eragindako ustezko kalteak salatuko dituzte, diskriminazioa eragiten dutelako. Izan ere, arrazakeriaren osagaietako bat baita aurreiritzia. “Asko laburtuz, arrazakeriak hiru osagai ditu: jarrerak, aurreiritziak eta ideologiak”, zehaztu zuen Unzurrunzagak. Aurreiritziak ezaugarri batzuen “abusuzko orokortzean” oinarritzen dira; eta zaila da hauei aurre egitea “errealitatearekin loturarik ez dutelako”. Unzurrunzagaren hitzetan, gizataldearekin harremana izan beharrean, “haiei dagozkien irudikapenekin” izaten da. Ondorioz, giza talde batzuekiko “giro moral oso ezkorra” osatzen dela gehitu zuen.

Azken hiru urteetan bezala, Usandizagako Diseinu Grafikoko ikasleek martxa ezagutarazteko Potorik ez egiteko kanpainaz antolatu dute. Latorrizko ontzien zaratarekin irudikatu dituzte zurrumurruak; sirena soinuarekin, berriz, katea hautsi eta hauei aurre egiteko beharra. Horregatik, mobilizazioan parte hartzen dutenek potoak eskuetan dituztela egingo dute Pasaiatik Donostiara bidea. Alarma soinua, berriz, Internacional erloju dendak jarriko du. 1932tik eguerdiro entzuten den sirena joko dute, 13:00ak aldera, mobilizazioa iristean.

Gorilaz jantzitako ikasle batek hitza hartu zuen agerraldian ondokoa gogorarazteko: “Jatorriarengatik bereizkeria egiten dutenek gogora dezatela gizaki guztion jatorria gu –tximinoak– garela”.

 

Usandizagako ikasleek eta elkarteetako kideek 'flash mob'-a egin zuten prentsaurrekoa baino lehen. (Argazkia: Maitane Aldanondo)

Kalaka ez emateko alarma piztu dute

Usandizagako Diseinu Grafikoko lehen mailako ikasleek, igandeko martxa babesten duten elkarteetako ordezkariekin batera, flash mob-a egin zuten atzo prestaurrekoa baino lehen. Bi multzotan banatuta, Artzain Onaren albo banatik Koldo Mitxelenaraino bidea egin zuten partaideek, eskuetan zituzten latorrizko latekin zarata eginez. Liburutegiaren aurrealdean potoak utzi, eta gorila maskara zuen ikasleak sirena jotzean, Antizurrumuru M25 Antirumor mezua osatu zuten. Ekintzaren bideoa hemen.

 

 

Euskal Herriak herritartasun politika propioa izateko eskubidea aldarrikatu du udal gobernuak

Herritarrek aurre egin beharreko arrazakeriaren eta xenofobiaren sorburuak gaitzetsi ditu udal gobernuak adierazpen batean.

Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Nazioarteko Egunari lotuta, udal gobernuak adierazpena ezagutarazi zuen, atzo. Bertan, Euskal Herriak nazio gisa migrazio, asilo, babes, atzerritartasun eta herritartasun politikak definitzearen eta defendatzearen alde egingo duela berretsi zuen. Ildo horretan, donostiar guztiekin batera, jatorria edozein izanik, hiria eraikitzen jarraituko duela adierazi zuen. Juan Karlos Izagirre alkateak eta Bilduko beste zinegotzi batzuek lagunduta, Berdintasun zinegotzi Naiara Sanpedrok irakurri zuen idatzia, euskaraz, eta Hirigintza zinegotzi Ricardo Burutaranek, gaztelaniaz.

Herritarrek aurre egin beharreko arrazakeriaren eta xenofobiaren sorburuak ere salatu zituzten, eta horien artean, “estatuek duela zenbait hamarkada abian jarritako atzerritartasun, immigrazio eta asilo politika murriztaileak” nabarmendu zituzten, “politika, ekonomia edo bestelako arrazoiengatik” sorlekua utzi behar dutenen aurkakotzat joaz. Izan ere, Donostian eta Euskal Herrian eskubide “oso desberdinak” dituzten norbanakoak eta taldeak daudela gogorarazi zuten “gure lurraldearen subirano diren bi estatuen irizpideen ondorioz”.

Bestalde, arrazakeriaren eta xenofobiaren aurka nahiz “herri moduan dugun erabakitzeko eskubidearen alde” antolatzen diren ekintzetan parte hartzera deitu zituzten donostiarrak.

, , , , , , ,