Larunbata, 2014-07-26

Izarne Zelaia (EHE): “Nabari zen ez zela edozein egun, giro berezia zegoen”

Pozik eta gogotsu azaldu dira Euskal Herrian Euskaraz –EHE– elkarteko kideak larunbateko Euskaraz Bizi Egunaren arrakasta dela eta. Egun osoan Parte Zaharrera hurbildutako jendea asko izan dela adierazi dute antolatzaileek. EHE-ko kide Izarne Zelaiak esandakoaren arabera arabera, “nabari zen ez zela edozein egun, giro berezia zegoen”.

Bestalde, IRUTXULOKO HITZA-ri egindako adierazpenetan, Zelaiak “EHE-en esker ona” adierazi die eguneko ekimenetan parte hartu duten talde guztiei. Besteak beste, egunean zehar animazio lanetan aritutako taldeak edo arratsaldean egindako manifestazioan kolorea jarri zuten “Donostiako auzoetako gazte asanbladetako kideak” nabarmendu dituzte antolatzaileek.

Era berean, etorkizunari begira euskararen alde lanean jarraitzeko adorea eman die larunbateko ekitaldiak EHE-ko kideei. “Honekin ikusi dugu helburua ez dela gurea bakarrik”. Bestelako fruituak eman dituzte eguna antolatzeko lanek; bakarrizketa saioa jende askok ikusi zuen. “Tresna polita sortu da horrekin; oso umore gutxi egiten da euskaraz eta aurrerago erabili ahal izango da”.

, , ,