Igandea, 2014-10-26

Urumeako baserrien hamaika kontu

Juanito Saizarrek–irudiaren erdian– txiskuaren inguruko azalpenak eman zizkien Josu Tellabide historiagileari –ezkerrean–eta berarekin Aingelu baserrira bisitan joan zirenei.

Juanito Irizarrek–irudiaren erdian– txiskuaren inguruko azalpenak eman zizkien Josu Tellabide historiagileari –ezkerrean–eta berarekin Aingelu baserrira bisitan joan zirenei. (Argazkia: Mikel Goñi)

Donostiako ibaiaren arroko nekazaritza alorreko etxeetara txangoa egin dute Hontza elkarteak eta Loiola kultur etxeak.
Goikoenea da Loiolan lanean diharduen azkeneko baserria. Txiskua bitan zatitutako upela da. Engomeztarrak ziren Ubegi baserriaren jabeak. Horiek guztiak eta beste hamaika kontu ikasi dituzte asteburu honetan Josu Tellabide historialariarengandik Urumea bailarako baserriak izeneko txangoko parte hartzaileek.

Loiolako Hontza elkarteak eta auzoko kultur etxeak antolaturiko ibilaldia izan da larunbatekoa. Josu Tellabidek eman ditu, ordea, azalpen ugari eta kontu bitxi askoren berri.

Goizeko 09:00etarako ezarrita zegoen hitzordura hamabost lagun inguru bildu dira. Loiola kultur etxera berataratu direnak, gainera, adin guztietakoak dira, iragarritako bidean ez daudelako aldapa asko. Berandu baino lehen hasi da Tellabide azalpenak ematen; lehen geltokia Martinenen egin dutelako, hau da, Atxiki taberna zegoen baserrian. Inguruari buruz hizketan hasi da, eta errepidearen beste aldean kokatu du auzoko teileria, «Loiolan zegoen industria bakarra».

Azkar mugitu egin behar izan du taldeak. Izan ere, 10:45ean hitzordua zeukatelako, Martuteneko Aingelu baserrian. Horreraino iristeko, berriz, ibai ertzeko bidea hartu, eta, besteak beste, Txomin Enean, Kristobaldegiko murruaren ondoan, Goikoenean eta Bernategin gelditu dira gidariaren azalpenak entzuteko.

Txangoan parte hartu duten gehienak loiolatarrak ziren, eta Tellabidek emandako azalpen batzuk berretsi dituzte; esaterako, batek baino gehiagok gogoratzen du Txomin Enea erromeri gune gisa.

Goikoenea Loiolako azkeneko benetako baserri gisa deskribatu du historialariak. «Lur lanetarako baimena urte amaieran bukatuko zaie». Toki berean azaldu du Urumea inguruko baserritarrentzat ibaiak zuen garrantzia, eta horren erakuslea da baserri honek berak portutxoa izatea.

Gipuzkoako ‘txisku’ bakarra
Ozta-ozta iritsi dira Aingeluko hitzordura. Hala ere, Tellabidek azaldutakoaren arabera, txangolariek Gipuzkoan bakarra den zerbait ikusteko aukera izan dute: txiskua. Aingeluko Juanito Irizarrek erakutsi die upel berezia. Izan ere, ez baita ohikoa upelaren erdiko egurrezko pareta batek edukiontzia bitan zatitzea, modu honetan bi sagardo mota gor daitezkeela.

Gerra garaiko pasarteren bat ere entzun dute bisitariek. Hain zuzen, txisku-aren parte batean jatekoak gordetzen zituzten, eta horien bila zetozen soldaduei sagardo tragoa eskainita, upela miatu gabe uzten baitzuten.

Maldan gora abiatu, eta 27 poligonoaren gainean dagoen Ubegi baserrian egin dute hamaiketakoa. Aierbetarrek ireki dituzte euren etxearen ateak, mokadutxoa egiteko ez ezik, ehunka urte zituzten egurrezko habeak erakusteko ere.

Latsarien plazan egin dute azkeneko geldialdia, eta bertan ikasi dute egungo Plazaburu kalean hamar baserri baino gehiago zeudela. Eta hori guztia, 14:00etarako bukatu den txangoan.

Txangoaren irudi gehiago ikusteko, egin klik hemen.

, ,