Asteazkena, 2014-09-17

Orlandoko zesta punta denboraldian, txapeldunetako bat izan da Mikel Egiguren

Azken txapelketan lesioa izan arren, kiniela gehien irabazi dituena izan da Aietekoa

Mikel Egiguren puntista donostiarra garaikurretako bat jasotzen (Argazki: Jai Alai)

Mikel Egigurenek Orlandoko zesta punta denboraldiko bi garaipen eskuratu ditu, Ameriketako Estatu Batuetan. Zehazki, lehengo asteburuan bukatu zen denboraldia, eta bertan, Most Wins eta Singles Most Wins tituluak lortu ditu Aieteko puntistak. Egigurenek jasotako Most Wins tituluak esan nahi du, bera izan dela kiniela gehien irabazi dituena, bai buruz burukoetako lehiak, bai binakakoetakoak kontuan izanda. Singles Most Wins tituluak, berriz, buruz burukoetan kiniela gehien irabazi dituena izan dela esan nahi du. Bestetik, Olabe bizkaitarrarentzat izan da aurrelari onenaren titulua, eta atzelari onena, berriz, Hernandez arabarra izan da. Gainera, Egigurenek badu meritua, Orlandoko RB Challengean Hernandez bikote zuela parte hartzen ari zela, lesionatu egin baitzen. Azpillagak ordezkatu behar izan zuen, ezker hankeko abduktorean izan zuen lesioagatik.

Floridan oraindik gehiago
Egun hauetako atsedenaldiaren ostean, gaur ekingo diote berriro ere jokatzeari puntista onenek. Gaur hasiko da Floridan, Fort Pierce-eko denboraldia, bertako jai alai frontoian. Bi hilabete iraungo ditu denboraldiak, eta astean bost lehia egongo dira jokoan, ostiral goizetik igande gauera. Lehia bakoitza 10 kinielek osatuko dute, horietako sei bikoteka jokatuko dituzte, eta gainontzeko lauak, buruz buru.

Fort Pierceko denboraldia hastearekin batera, Ameriketako lau frontoietan izango dira zesta punta lehiak, aldi berean: Fort Pierce, Dania, Miami eta Orlando. Izan ere, Orlandoko denboraldia otsailean bukatu den arren, beste lau puntistekin denboraldia abuztura arte luzatzea erabaki dute arduradunek. Finean, 100 puntista baino gehiago ariko dira jokatzen.

, , , , , , ,