Asteartea, 2014-12-23

Amale Arzelus: “Aitarengandik jaso nuen euskararekiko maitasuna”

Euskarazko lehen irratsaioa egin zutenetik 80 urte beteko dira ostiralean, eta egun berean, lehen saio hartako partaide ziren Joseba Zubimendi, Ander Arzelus eta Amale Arzelus omenduko dituzte.

1932ko martxoaren 2an euskarazko lehen irratsaioa egin zuten Ander Arzelus Luzear-ek eta Joseba Zubimendik, Donostiako Union Radio irratian. Arzelusen alabak, Amalek (Erdialdea, 1924), 8 urte besterik ez zituela mikrofono aurrean jarrita euskara lau haizeetara zabaldu zuen irratiaren bidez. Aitak idatzitako bakarrizketa, antzezlan eta hitzaldien esatari izan zen haurra, garaiko euskal kulturaren izen handien artean. Hauengandik ikasitako euskararekiko maitasunari eutsi dio bizitza osoan; esatari, antzezle, andereño eta Euskarazaintzako kide gisa, nagusiki.

Lehen emanaldiaren urtemugaren harira, Gipuzkoako Foru Aldundiak babestuta, Euskara hegaz, euskal irratiak 80 urte jardunaldiak egingo dituzte Koldo Mitxelenan, ostegunean eta ostiralean, 19:30ean. Kalean erori eta minbera badago ere, esatari ohiak ez du hitzorduari huts egiteko asmorik. Omenaldiaren aurretik, Groseko etxean aspaldiko garaiak gogora ekarri ditu IRUTXULOKO HITZArentzat.

Zergatik erabaki zuten zure aitak eta Joseba Zubimendik euskarazko irratsaioa egitea?
Gure aita, Ander Arzelus, eta Joseba Zubimendi abertzaleak ziren, eta gure euskara zabaldu egin behar zela pentsatu zuten; euskarak leku guztietara airean joan behar zuela. Benetan nori bururatu zitzaion ez dakit, baina horretarako irratsaioa egin zuten. Hasiera pixka bat kosta zitzaien, baina lortu zuten baimena. Euskal Herrian zegoen lehen irratia eta bakarra zen Donostiako Union Radio.

Lehen emanaldi historiko hartan parte hartu al zenuen?
Ez dut uste lehen saioan izan nintzenik; bigarrenean edo hirugarrenean hasi nintzen. Aitak joateko esaten zidan, eta ni pozik nindoan, ez nuen batere lotsarik.

Eta nolatan hasi zinen zu beraiekin?
Aitak ez zuen mikrofono aurrean hitz egitea atsegin, eta ni berritsu lotsagabea nintzen. Beraz, berak idatzi eta nik esatari lana egitea bururatu zitzaion.

Saioa nolakoa zen gogoratzen al duzu?
Herrietatik jendea etortzen zela gogoan dut: abesbatzak, antzerki taldeak… Txomin Olano organistak piezak jotzen zituen. Azkena, saioaren bukaeran, Agur Jaunak izaten zen, eta nik esan egiten nituen hitzak, baina amaiera aldatuta. Abestia ez da alde egiteko agurra, etortzean esatekoa, baizik. Aitari ez zitzaion egokia iruditzen “hemen gera” esan eta alde egitea; eta horren ordez, “hurrena arte” esaten nuen.

Zer zen zuretzat irratia?
Jolasa zen. Joan behar nuela esatean, ni pozik joaten nintzen. Gehien bat aurkezlea nintzen, speaker-. Gauza motzak egiten nituen, aitak idazten zizkidanak. Neskamearen marmarrak bakarrizketa, eta hitzaldiak ere bai. Oso pozik aritzen nintzen.

Aitak idatzitako hitzaldiek eta bakarrizketek zein gai jorratzen zituzten?
Haurrei zuzenduak izan arren, hitzaldietako asko, gure herriari buruzkoak eta euskararen aldekoak ziren. Horrela nola ez nuen ikasiko… Donostian asko ziren neskame gisa etorritako neskak, eta ia denek euskaraz jakin arren ez zuten egiten. Gogoan dut euskaraz zekiten herriko bi neskameri buruzko hitzaldi batean esaten nuela “¡Ay chica!, que miedo esta noche, que ‘trumones’ y que ‘relampandangos’”. Erdaraz jakin ez, baina erdaraz egin behar. Hori ez zela egin behar esan nahi zuen. Horrela, nolakoa aterako nintzen, bada!

Euskal kulturako izen ezagun asko pasa zen zuen saiotik. Dunixi, Toribio Altzaga, Telesforo Monzon, Aita Donostia, Orixe…
Hala da, baina ez dut gehiegi gogoratzen. Gizon eta emakume handiekin ibiltzen nintzen, denen artean hitz egiten. Horietako asko aurretik ezagutzen nituen, eta haien artean lasai ibiltzen nintzen, ez ninduten beldurtzen ezta lotsarazten ere.

Nolakoa zen garai hartako Donostia?
Gogoan dut Amara aldea padura zela, ura. Oraingo kotxerik ez zebilela… Asko bizi izan naiz Parte Zaharrean. Aita hangoa zen eta aitona eta amona han nituen. Gure etxean baino gehiago, han bizi nintzen. Ezkondu ondoren joan egin ginen arren, niretzat, Donostia beti izan da Parte Zaharra.

Euskara hitz egiten al zen?
Hitz egiten zen, baina ez gehiegi. Donostiar denek edo ia denek zekitela uste dut, baina hitz egin… Ni nahiko ezkorra naiz horretan. Orain ere esaten dute asko hitz egiten dela, baina txikiak edo gaztetxoak ez direnei ez diet asko entzuten. Dena den, horiek entzutea gustatzen zait.

Euskara eskolak ere eman zenituzten irratsaioan.
Aita euskara ikasteko metodoa prestatzen hasi zen, eta irratian eskolak eman genituen. Berak irakasle lana egiten zuen, eta nik ikaslearen papera. Geroago, espetxean zegoela, metodoa bukatu zuen, eta ondoren, argitaratu zuen.

Hizkuntza arazoa izan al zen inoiz?
1932an hasieran kosta egin zen horretarako baimena lortzea, eta gero, 1934an, Errepublika iristean, eten egin zen. Askok ezin zuten euskarazko saioa izatea eraman; beraz, bai, arazo izan zen.

Etenaren ondoren, saioari berriro ekin al zenioten?
Ez, ez zen itzuli. 1935ean Zubimendik Kontxako estropaden kontaketa egin zuen, baina saioa ez genuen berriro egin. Gerora, gure aitak euskal irrati isilpekoa egin zuen, baina ez dakit nondik aritzen zen.

Eta zu itzuli al zinen esatari lana egitera?
Idatzita dago 1936 gerra garaian Bilbon irratsaioa egin zela, eta nik parte hartu nuela, baina ez dut gogoratzen. Harritzekoa da, orduan 13 urte bainituen, eta Bilbon bizitako gauza gehienak gogoratzen ditudalako. Hori, ordea, ez dut oroitzen.

Hein batean irratiko izar bilakatu zinen, ezta?
Bai, entzuten ninduten; baina geroago konturatu naiz horrekin. Ondo gogoratzen dut nik normal bizi nuela. Egiten nuen, besteak pozik, eta aurrera. Orain baino ahots argiagoa nuen… Kar, kar.

Faltan bota duzu inoiz?
Ez dut inoiz irratira itzultzeko gogorik izan, atal hori bukatu, eta pasatu zen. Irratia entzutea gustatzen zait eta entzuten dut.

1936ko gerra hastean, Bilbora joan zineten, eta handik erbestera, ezta?
Lehenik, Bilbora joan behar izan genuen, eta aita han gelditu zen. Gu erbestera joan ginen. Azkainen eta Donibane Lohizunen (Lapurdi) egon ginen denbora gehiena. Hiru bat urte egon ginen kanpoan, alemanak Frantzian sartzen ari zirela etorri ginen. Aita espetxean zegoen, eta amak han ez gelditzea erabaki zuen.

Nola gogoratzen duzu Donostiara itzulera?
Oso pozgarria. Erbestean geundenean beti nuen etortzeko gogoa. 16 urte nituen itzultzean. Aita espetxetik irten ondoren, deserriratu egin ginen. Madrilera joan ginen familia guztia eta urte eta erdiz egon ginen han. Aita ez zen geldi egotekoa, eta gazte taldeekin biltzen hasi zen. Bere atzetik zebiltzanez, Iparraldera pasa behar izan zuen, eta han hil zen 51 urte zituela.

Euskarazko lehen emakume esataria izateaz gain, lehen andereñoetako bat ere izan zinen.
1948an Elbira Zipitriarekin batera hasi nintzen eskolak ematen. Ezkondu berria nintzen, eta Elbirak berarekin eskolak emateko esan zidan. Ikastaroak hartzeko euskara jakin behar zen; eta gehienek bazekiten, baina batzuek erraztasun gutxiago zuten. Elbirak euskaldunak hartzen zituen, eta ni, batez ere, ondo ez zekitenei euskararekin laguntzeko hasi nintzen andereño bezala San Jeronimo kaleko etxean.

Zipitria irratian ezagutu al zenuen?
Ez, lehendik ezagutzen nuen; irratian hasi aurretik aitaren laguna baitzen.

Noiz arte aritu zinen eskolak ematen?
1960ko hamarkadan ikastola handiak sortu ziren arte. Hala ere, urte dezente jarraitu nuen etxean helduei euskara irakasten.

Andereño izateaz gain, Euskarazaintzako kidea ere bazara. Zergatik egin zenuten euskara batuaren aurka?
Euskarazaintza euskara batuaren aurka sortu zen. Euskaltzaindia 1936ko gerra baino lehenagotik ari zen euskara batuaren kontuarekin, baina ikusten zuen hori ez zela bat-batean egiteko kontua. Hala ere, hori egin zuen, egunbatetik bestera ezarri. Guk herri hizkuntza mantentzea defendatzen genuen. Jakintsuak bagenituen taldean eta euskaltzainekin hitz egiten saiatu ziren, baina alferrik izan zen. Ez zioten ezerri kasu egiten, egina zegoen. Beraiekin hitz egin ezinezkoa izan zenez, Euskarazaintza sortu zen.

Euskara batuaren aurka jarraitzen duzue edo jarrera lasaitu duzue?
Aurre aurre ez; baina guk gure euskararekin jarraitzen dugu.

Zu oraindik ere bileretara joaten zara. Egun, zer egiten du Euskarazaintzak?
Bizkaitar asko dago, baina gipuzkoar bakarra ni naiz. Urteak aurrera doaz eta gehienak hil egin dira. 60 urte inguruko gazteago batzuk sartu dira, eta horrek indarra eman digu. Aldizkari bat atera eta Bilbon bilerak egiten jarraitzen dugu.
Gauza guzti hauek egiteko denbora izateaz gain, bederatzi seme-alabaren ama ere bazara. Denetarako denbora al zenuen?
Denbora eta laguntza, bakar barrik ezingo bainuen. Gehien bat horregatik erabaki nuen ikastola handietara ez joatea. Eta gainera, egia da, batua ez nuela egin nahi.

Euskararekiko zaletasuna erabat barneratua duzu, ezta?
Gure aitarengandik jaso nuen euskararekiko maitasuna, eta bere metodoarekin irakatsi dut beti. Ama maestra izan arren, hizkuntza kontutarako oso txarra zen. Ahalegina egin zuen, baina ez zuen ikastea lortu. Berari eskerrak gure etxean anai-arreben artean ez dugu erderaz hitzik egin.

Antzerkirako grina ere berarengandik jaso zenuen, eta iaz, horregatik omendu zintuzten.
Nagusiki aita omendu zuten, baina bera ez zegoenez, eta antzezlanean parte hartu nuenez, niri eman zidaten ikurra. Neskamearen marmarrak bakarrizketa ez dakit zenbat tokitan egin nuen. Berritsu lotsagabea nintzen! Kar, kar.

Kontu hauek gogoratzea gustuko duzu, ezta?
Bai. Gauza hauekin hasi ginenean ez genuen halakorik espero. Hodei batean bezala nago, eta gainera, ostiralean omenaldia dugu.

 

, , ,