Ostirala, 2014-11-21

‘Mozorro: Zomorro’

Jon Odriozola, Kazetaria

Eguerdian euria goitik behera ari zuen. Heze eta hotz. Etxekoak sorginez mozorrotu eta inauteriko akelarrera atera ginen. Handik ordubetera, Reala Los Carmenesko zelaira irten zen. Eguzkia. A zer inbidia! Zale txuri-urdina tabernetan pilatu zen pintxo bat janaz partida ikusteko. Ikusmina. Baikortasun urduria. Saldak barrua berotu arren, Realaren azken emaitzak hoztuta utzi zuen bat baino gehiago. Edo azken emaitza izan zen zapore gazia utzi zuena?

Nahiz eta markagailuan aurretik jarri, ez zuen batere ondo amaitu Realak. Bigarren zatian noraezean ibili zen. Helenio Herrerak kontrakoa esan arren, nahiago dut hamaika futbolarirekin jokatu. Gero gerokoak. Granadak txuri-urdinen kontura egin zuen akelarrea. Han, festa! Hemen, sardinaren ehorzketako negarrak ez ziren antzeztu behar izan… Ez nuen malkorik ikusi, baina begiratu goibel samarrak, dezente. «Txato, atera beste txakolin bat», bota zuen tabernako bezero batek. Penak uxatzeko, beste trago bat barrura.

Ez dio aurten erabat Realak Granadari neurria hartu. Nahiz eta Anoetan bi partida irabazi, Ligan eta Kopan –dema honetan aritu zen txukunenen– arerio deserosoa izan da andaluziarra txuri-urdinentzat. Kopan, itzulerako norgehiagokan, majo sufritu zuen taldeak. Eta igandean jipoituta amaitu zuen. Estu dago sailkapena. Oso. Igandean, Mallorca izango du Realak Anoetan bisitari. Kopako itzulerako partida oraindik buruan, Ligako arerio zuzen-zuzena da Caparrosen taldea. Puntu bakarraren aldea dago bien artean. Mendeku gosez, edo ez, irabaztea da xedea. Aurrera egitea. Azken postuei izkin egitea.

Realak etxean jokatuko dituen hurrengo hiru partidek –Mallorca, Zaragoza eta Levante– zeresan handia izango dute. Bederatzi puntu arrunt garrantzitsu, bere Ligako arerio zuzenekin. Mallorcarren ondoren, derbia Bilbon. Hori beste kontu bat izango da. Derbiak ezberdinak dira… Baina, puntuak, berdin-berdinak; bai Granada, bai Bilbon… «Lortzea da kontua», esan zuen filosofo tabernariak, barraren atzetik irribarretsu, zomorro-zomorro. Inauterietan berak bai gozatu zuela.

, , , ,