Igandea, 2014-10-26

Bilduko zinegotziak orain arte “antzerkia egiten” aritu direla esan du Goiak

Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak zor duen dirua lau hilabetetan itzultzea nahi du EAJk

Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak (GHK) Zubietako lursailak direla-eta indarrean zuten hitzarmena sei hilabetez bertan behera utzi dutela jakinarazi zuen joan den ostiralean Nora Galparsoro Herri Lan eta Proiektuetako zinegotziak. Hori dela eta, Partzuergoak Udalari zor zizkion 1.062.500 euroak ekainetik aurrera ordainduko dizkiola azaldu zuen zinegotziak. EAJko bozeramaile Eneko Goiak Bilduko ordezkariak orain arte «antzerkia egiten» aritu direla salatu du. Ogasun zinegotziak udalak jaso beharreko diru kopurua eskuratzeko lan egingo zuela aditzera eman zuen bitartean, Nora Galparsorok Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoan hitzarmena bertan behera egitearen alde egin zuela azaldu du Goiak.

Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak hitzarmena bertan behera uzteko erabakiaren berri ematerakoan, gainera, udalari eman beharreko dirua «berriz aztertzeko» nahia adierazi duela ohartarazi dute jeltzaleek. Egoera, beraz, «larria» dela esan du Goiak: «udal gobernuak Donostiaren interesen alde egin baino, beste erakunde batzuen interesen alde egiten baitu».

Udal gobernuaren jokabidea, gainera, udalbatzak erabakitakoaren aurka doala nabarmendu du EAJko bozeramaileak. Horregatik, osteguneko osoko bilkuran mozio bat aurkeztuko dute. Horren bidez, osoko bilkura osatzen duten zinegotziek Nora Galparsorok Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoan izandako jokabidea gaitzestea nahi dute. Bestetik, GHKrekin hitzartutako diru kopura lau hilabetetan ordaintzea eskatuko dute eta udal gobernuak hitzarmenean ezarri nahi duen edozein aldaketa Udalbatzaren baimena izatea.

, , , , , , , ,