Miramongo Eureka! Zientzia Museoak hiru simulagailu berri ditu; larunbatean jarriko dituzte abian publikoarentzat.
Hegazkinean hegan egitea, Ferrari bat Alemaniako Nurburgring zirkuituan gidatzea eta itsas azpiko batean ibiltzea askoren ametsa izan daitezke. Eureka! Zientzia Museoaren simulagailu gela berriak horiek gauzatzea jarri du donostiarren eskura. Tresna berriek jolas forma hartzen duten edukiak ere barneratzen dituzte tramankuluek.
Miramongo Eureka! museoan ireki dute simulagailu gunea, eta itsasoan, zeruan zein lurrean ibiltzeko aukera gehitzen die orain arteko eskaintzari. Izan ere, Ignacio Zuzuarregi zuzendariak esandakoaren arabera, azpiegituraren osagai oso garrantzitsuak dira simulagailuak. Horregatik, aurreko Errusiar Mendien kopiei gehitu dizkiete oraingoak. Lehen bisitariei harrera larunbatean egingo diete, egun horretan irekiko baitituzte gela berriaren ateak.
Errealitatearen kopia sortzen saiatzen direnez, simulagailuek zientziaren erabilera sakona egiten dute. Horrez gain, ezagutza zabaltzeko ere balio dute. Hasterako, itsas azpiko ontzia imitatzen duen makinak Lurraren historia geologikoari buruzko informazioa ematen du.
Orion, 1 Formula eta Max Flight
Orion izeneko itsas azpiko ontziarenak egiten ditu gela berriko lehen tramankuluak. 4 urtetik gorako edozein ibil daiteke bertan. eta ur azpiko sei eremu birtualez gozatzeko aukera izango du bisitariak.
Lau lagun sar daitezke tramankuluaren barruan, eta urpeko ontzia gidatzeko ez ezik, arrainei argazkiak ateratzeko ere erabil daitezke kontrolak. Kabinaren mugimendu fisikoak eta 3D betaurrekoek errealitatearen sentsazioa areagotzen lagunduko dute, jolas interaktiboak planetaren eta ozeanoen inguruko informazioa ematen duen bitartean.
Urpeko ontziaren barruan gertatzen denaren berri pantaila batean ikus daiteke, baina batere soinurik ez da barrutik irteten. Ez da hori 1 Formula simulagailuaren kasua. Ferrari autoen gorri kolorea duen kotxearen eskeletoak eta bere aurrean jarritako monitore handiek osatzen dute gailu zalapartaria. Hiru gailu pneumatikok ematen diote mugimendua. Ikusten diren grabaketek, berriz, Alemaniako Nurburgring zirkuituan egotearen sentsazioa lortzen dute. Gidabaimena beharrezkoa ez den arren, soilik 14 urtetik gorakoek erabil dezakete.
Max Flight izena jarri diote hegazkin simulagailuari. Altuera muga jarri diote honi, hain zuzen ere, gutxienez 1,2 metro neurria behar dute izan barrura sartu nahi dutenek. Europako herrialde oso gutxitan aurki daitezke honen parekoak. Gertukoena gozatzeko, Ingalaterraraino joan behar da. F 18 gerra hegazkinaren kopia da Miramongoa, eta kabinak 360 graduko birak egin ditzake; benetako aire ibilgailu baten mugimendu guztiak errepikatzeko ahalmena du, beraz.
Berezko sarrera txartelak
Miramongo Eureka! Zientzia Museoan egonagatik, aparteko txartela behar dute simulagailuek Modu honetan, eta Planetariumarekin gertatzen den era berean, ez da museorako sarrera ordaindu behar tresna berriak gozatu nahi izanez gero. Itsas azpia, airea eta errepide birtualak ezagutzeko, beraz, igo Miramonera!
- Itsas azpiko ontziaren simulagailua 3D grabaketekin osaturik dago. (Argazkia: Mikel Goñi)























