
Bitxigorri boutique erotikoaren erakusleihoan ikus daitekeenez, esplizitutasuna galtzen ari da sexu tresnen forma. (Argazkia: Mikel Goñi)
Euskarari buruz ari zen Anje Duhalde Maita nazazu gutxiago/ goza nazazu gehiago abesten zuenean. Hala ere, asko dira gaurko egunez, San Valentin egunean alegia, gauza bera pentsatzen duten bikotekideak. Sexu eta Ugalkortasun Eskubideen Eguna ere bada, eta maitasunaz gain, bere adierazpide fisikoa ere kontuan hartzeko une aproposa da. Biak elkartuta, sexuari «behar duen» denbora eskaintzea da otsailaren 14ean egin daitekeen oparirik hoberenetakoa.
Arrosa koloreko bonboi kaxak, bihotz forma duten txartel gorri-gorriak, eta lore sorta handi zein arrosa bakanak. Horiek guztiak eta beste hamaika opari trukatzen dituzte gaur maitale eta amoranteek San Valentin eguna delako. Hauen artean, ordea, badira ausartagoak sentitu, eta sex-shop-etara gerturatzen direnak, egutegiko erromantizismoari haragizko maitasuna gehitzeko asmoz.
Parte Zaharreko Bitxigorri boutique erotikoan, bezeroek erosketa oparitarako biltzea eskatu dute egunotan. Merkatari senari kasu egin gabe, Iñaki Olaizolak uko egiten dio bere dendako produkturen bat aholkatzeari. Horren ordez, sexu saio bat prestatzea gomendatzen du. «Goizean jaiki eta etxetik irten baino lehen, ‘gaur, larrua joko dugu’ dioen oharra idatzita hasi eguna; gero, eguerdian-edo, mezu bat bidali zure bikoteari gauekoa gogoraraziz. Gauean, bikotearentzat afaria prestatu, eta gero…».
Izan ere, Olaizolak gogora ekartzen duenez, «sexuaren alorrean», bikoteko oparirik onena «elkarri emandako denbora da». Hala eta guztiz ere, opari egokia izan daiteke bertan erositako zerbait, beti ere, tresnatzat hartzen bada, eta ez helburutzat.
Bibradore eta beste salgaiak deskribatzeko, Olaizolak ez du jostailu hitza gustuko. Jolasa sexuan ari direnen artekoa behar duelako izan, eta bertan saltzen dituenak, «tresna behar dute izan, lagungarriak; baina jostailua esaten badiegu jolasaren erdigunea bilakatzen dira».
Formaren esplizitutasuna albo batera utzita, lagungarriak dira, esaterako, laztan eta ferekak egiteko garaian. Olaizolak, sexua eta maitasuna berdintzen ez dituen arren, sexua zerbait mekanikoa baino gehiago dela dio. «Bitxigorrin, sexua afektibitatearekin lotu nahi dugu». Hori dela eta, San Valentin eguna baino, Sexua eta Ugalkortasun Eskubideen Eguna nabarmentzea nahiago du. Data honetan alorreko aldarrikapenen zerrenda badago. Parte Zaharreko dendaren arduradunak bosgarren puntua du gogokoena: «Sexu gozamenaren eskubidea: autoerotismoa barneratzen du, ongizate fisiko, psikologiko, intelektual eta espiritualaren iturri baita».
Modu honetan, Olaizolak, egun honetan ez ezik, egutegiaren gainontzekoetan ere sexua gozatzera deitzen ditu donostiarrak. Gizonak zein emakumeak, edozein dela konbinazioa, afektibotasuna horren bidez adierazteko gonbitea egiten du, baita bakarrik ere. San Valentin egunari dagokionez, berriz, oparia erraza da. «Sexua probokatu eta jantzi beharra dago». Sukaldaritzaren slow food edo jan geldoaren moduan, slow sex delako erregalurik onena.













