Larunbata, 2014-08-30

Bera Bera-Itxako: 26-27

Amaitu da Bera Bera eta Itxakoren arteko partida. Itxakok garaipena eskuratu du, baina azken minutuetan majo sufrituta (26-27). Alde nabarmenak izan ditu liderrak, baina Bera Berak ez du etsi. Hamabost minuturen faltan 16-23 islatzen zuen markagailuak, baina Reyes Karrereren jokalariek abantail hori murriztu dute. 26-27koa hamar segundoren faltan ezarri dute, baina ordurako ez zegoen denborarik partidari buelta emateko.

Lizarrakoek sailkapeneko lehen postuan zergaitik dauden erakutsi dute. Defentsan gogor aritu dira, eta donostiarrek komeriak izan dituzte nafarren 6-0 eta 5-1eko harresiak gainditzeko. Donostiarrek, hori bai, bikain ekin diote norgehiagokari, defentsan zorrotz eta kontraerasoari etekina aterata. 2-0 jarri dira aurretik, baina Itxakok buelta eman dio markagailuari 0-4 partzial batekin (2-4). Hortik aurrera, Lizarrako taldea aurretik izan da, Barbosaren jaurtiketa bikainei esker eta defentsa gogorra eginez. Arazoak izan ditu Reyes Karrereren taldeak erasoan, Itxakoren defentsa osatuta izan duenean. Jokoa azkartu duenean, aldiz, etekina atera du. Modu horretan hurbildu dira donostiarrak markagailuan lehen zatian, 8-13 galtzen egoteagatik 14-14 berdintzera igaro baitira minutu gutxitan. Ambos Martinek, Itxakoko entrenatzaileak, hutsartea eskatu behar izan du. Atsedenaldiaren atarian, ordea, Itxakok aldea lortu du berriro (14-16). Horrela amaitu da lehen zatia.

Bigarren zatian, liderrak erraz irabaziko zuela zirudien, aldea nabarmen handitu baitu. Azken hiru minutuetan, ordea, donostiarrek azken ahalegina egin dute. 22-27 ziren atzetik, eta 26-27koa ezartzea lortu dute azkenean. Emaitza horrekin amaitu da derbia.