Asteazkena, 2013-06-19

Zoriontasuna zabaltzera datoz Meltxor, Gaspar eta Baltasar

Mila kilo goxoki banatuko dituzte gaur, 18:00etan, Ijentea kaletik abiatuko den kabalgatan; azken orduko ibilbide aldaketa izan da: Hernani kaletik Askatasunaren hiribidera jo eta Urbieta kaletik jarraituko du

Meltxor, Gaspar eta Baltasar erregeek elefante gainean egin zuten iaz bidaia (Argazkia: X. Etxabe)

 

Gutuna prest eta zapatak garbi egon beharko lukete jada, Errege Magoak Pasaiako portutik gertu baitaude. Orain arte jasotako gutunak irakurtzen eta opariak erosten egunak eta egunak igaro dituzte, gauean, beraz, neka-neka eginda egongo dira. Zalantzarik gabe, zapata garbiarekin batera, edateko eta jateko mokadutxo bat uztea eskertuko dute.

Gehiegi jan eta edan gabe ere, barruan duten poz eta zoriontasunarekin nahikoa dute 24 orduko eginbeharrari erantzuteko. Gainezka egiten dien ilusio hori, gainera, ume eta heldu guztiekin elkarbanatu nahi dute. Hortaz, arratsaldeko hirurak baino lehen kaira iristen direnean harrera beroa jasotzea espero dute.

Aurten, itsasoz heltzea erabaki dute. Iaz, heldu eta umeak txunditu zituzten elefante gainean iritsi baitziren Kontxara. Urtero saiatzen dira bertakoak harritzen eta hirira sartzeko garraioa aldatzen. Elefante gainean ez ezik, trenez eta autobusez ere egin dute ekialde eta Donostia arteko bidaia.

Erregeak Magoak diren heinean, ez dute ez zorabiorik ezta jet lag delakorik ere. Haur artean irribarretsu egoteko ajerik ez dute. Halere, ondoezik egonez gero, disimulatu beharko dute, 15:30ean, makina bat haur izango dituztelako udaletxean zain, agurra jasotzeko.

Udalbatza aretoan egongo diren bi orduetan erregeak ezagutu gabe inor gera ez dadin, kolore desberdinetako gonbidapenak banatuko dituzte, gutuna zein erregeri eman erabakitzen dutenaren araberakoa. 17:30ak arte egongo dira haurrekin. Gurasoek, ordea, adi egon beharko dute, udalbatzar aretora sartzeko ilara 17:05etan itxiko baitute.

Alderdi Ederrera iristeko aukerarik ez dutenek Erdialdeko kaleren batean egon daitezke zain. 18:00etan hasiko da kabalgata eta dagoeneko prest daude Meltxor, Gaspar eta Baltasarren desfilea apainduko duten karrozak. Lau izango dira Hernani kaletik abiatuko direnak: jaiotza irudikatzen duena eta hiru erregeena. Beti bezala ikusgarriak izango dira guztiak. Meltxorrenak, esaterako, brontzezko lehoiak izango ditu; Gasparrenak, berriz, egiptiar esfingeak eta Baltasarren karrozak bi elefante. Xehetasun guztiak aurreratu baino, hobe izango da arratsaldean kabalgata ikustera hurbiltzea.

Ohi bezala, erregeak ez dira bakarrik ibiltzen, musika eta animalia mordoa izaten dituzte lagun. Kabalgatan, hala nola, trikitilariak, txarangak, Txu-txu trena, pajeak eta suhiltzaileak izango dira. Azken hauek izango dira, eskala-kamioiaren laguntzaz, solairu altuetara opariak banatzen lagunduko dietenak.

Kabalgata alaia eta gozoa izango da. Guztira, mila kilo goxoki botako dituzte. Zeliakoentzat aproposak izango dira denak. Diabetikoek, berriz, udalbatza aretoan izango dituzte euren goxokiak prest.

Altzan eta Añorgan

Erdialdetik ziztu bizian helduko dira Errege Magoak Altzako Arria parkera. 19:00etan jasoko dituzte haurren gutunak eta ondoren, txokolatadarekin ospatuko dute.

Añorgan, errege bakoitza auzune batetik aterako da. 17:40etan Añorga Txikiko Etxe Luzetik irtengo da lehenengo erregea; bigarrenena, 17:50etan, Errekaldeko elkartetik; eta azkena, Pedro Josetik irtengo da 17:50etan. Añorgara 18:30ean iritsiko dira. Elizan sartuko dira eta opariak banatuko dizkiete zortzi urte bitarteko umeei.

Errege bezpera, kabalgata

  • 14:50etan. Meltxor, Gaspar eta Baltasar kaira iritsiko dira eta handik udaletxera joango dira. Itsaso zakarra balego, Aquariuma bisitatuko lukete eta handik udaletxera abiatuko lirateke. Euriak hiru erregeen etorrera zapuztuko balu, udaletxeko balkoitik agurtuko lituzkete haurrak.
  • 15:30etik 17:30era. Udalbatza aretoan umeekin solasean aritzeko denbora izango dute. Haien gutunak jasoko dituzte, gainera.
  • 18:00etan. Kabalgata abiatuko da Ijentea kaletik. Erdialdeetako kaleetatik barrena ibiliko dira: Hernani, Andia, Miramar, Urbieta, Prim, Bergara, Idiakez, Gipuzkoa plaza, Legazpi eta Bulebarrean amaituko dute.
  • 19:15etan. Kabalgata amaitu ostean eta etxez etxe opariak banatzen hasi aurretik, Matia eta Quavitae egoitzetan barreiatuko dute egun horretako poza.

Geltoki aldaketak
Kabalgatak hainbat autobus linien ibilbidea aldatuko du. Bulebarreko eta Erdialdeko hain geltoki zerbitzuz kanpo egongo dira 17:00ak eta 20:00ak bitartean.

  • Antiguako lineak. Geltokiak Londres hotel aurrera eta Zubieta kalera lekuz aldatuko dituzte.
  • Amara, Loiola eta Martuteneko lineak. Geltokiak Easo kalera lekuz aldatuko dituzte.
  • Altza, Herrera, Bidebieta eta Intxaurrondoko lineak. Okendo kalean izango dute geltokia.
  • Aieteko lineak. Zubieta kalean geratuko dira.

    Errege gaua da eta ostiral eta jai bezperetako gautxoriak ibiliko dira goizaldeko 3:00ak bitartean. B1, B2, B3, B4, eta B6 lineak 1:00etan, 2:00etan eta 3:00etan abiatuko dira Bulebarretik. B8, B9 eta B10 gautxoriak, berriz, 0:30, 1:30 eta 2:30ean.

, , , , ,