Ostirala, 2014-10-31

“Herritarron eginbeharra ere bada”

(Argazkia: Estitxu Zabala)

Uholdeen eragina arintzeko asmoz, Martuteneko eta Txomin Eneko kaltetuei laguntzeko auzolana antolatu dute. Hitzordu berria Pilarko plazan da, larunbat goizean.

Azaroko lehen asteburuko euriteetako ura jada desagertu da, baina uholdeek utzitako ondorioak oraindik nabari dira. Kalte larri eta ugariak pairatu zituzten Martutene eta Txomin Eneako bizilagunei laguntzeko bertaratu zirenak asko izan ziren lehen egunetan. Larrialdi egoera igarota, ordea, lehengora itzultzeko lanek luzerako joko dute. Zereginen karga arintzeko, dozenaka donostiar boluntario bertaratu dira azken bi larunbatetan egin dituzten auzolan saioetara. Larunbatean hitzordu berria dute Martuteneko Pilarko plazan, 08:00etan. Sei bat orduz lokatza garbitu, trasteak atera, baratzetako uzta erauzi eta beste hamaika kontu eginez laguntzeko prest dagoen edonor ongietorria izango da.

Katiuskak jantzi eta parte hartu dutenetako bat Donostiako Piraten kide Aratz Trecet da. Aurreko bi saioetan bezala, larunbatean ez du hutsik egingo. Martuteneko Auzo Elkarteko kideek eta udal langileek bilera egin ondoren, beharren arabera aritzen dira. Lehen egunean, altzariak, etxe tresna elektrikoak zein bestelako trasteak ateratzen, eta lokatza garbitzen jardun zen. Denetariko egoerak ikusi zituen gazteak. “Emakume bat ikusi nuen kutxa batekin, zorua ere ikusten ez zela, lokatza kentzen”. Bigarren saioan, berriz, baratzak husten jardun zen. “Etxea baino, baratzeak dira arazoa. Hortik bizi dira, bizi dira, eta orain konpondu arren, ondorioek luze joko dute. Martxoa arte ezingo dute landatu, eta hiru hilabetetan ez dute dirurik jasoko”. Trecetek argitu duenez, baratze inguru horretan asko dago egiteko. “Uzta lurrean bertan dago, eta lehenbailehen atera behar da. Negutegiak ere puskatu egin dira, eta baserritar batek ezin du berak bakarrik kendu”.

Kalte gehiago edo gutxiago jasan dituzte bizilagunek, baina ez diete etsipenik erakutsi. “Euriteak baino ia astebete geroago joan ginen lehen aldian; lasaiago eta argia ikusten hasiak zirela iritsi ginen. Harritu nau jendea indartsu zegoela ikustea, baina negarrak ikusi ditut. Normala da, guretzat trasteak eta altzariak dira, baina beraientzat bizitza bat da”. Gainera, Martutene eta Txomin Eneako kaltetuen esker ona jaso dute boluntarioek. “Unean bertan, etxe batera zoazenean eskerrak ematen dizkizute. Hamaiketakoa egin, ura eman… oso ondo zaindu gaituzte. Nik esaten diet beraiek pairatu dutela, baina besteok laguntzera goazela; herritarron eginbeharra ere bada”, azaldu du Piraten kideak.

Elkarlana eredu
Auzolanean aritzeaz gain, Trecetek parte hartu zuen hilaren 14an Arantzazuko Ama Ikastolan egindako festan. Astebetez itxita egon ondoren, ikasleei ongietorri eman zien berak gorpuzten duen Ezkila kapitainak, Porrotx pailazoarekin zein Marsel eta Txan magoekin batera. “Ezkila kapitaina Aste Nagusian bakarrik dator irlatik, baina apustua egin dugu; uholdeetarako ere etorri da premia ikusi duelako. Horrela sortuko dugu beste Donostia posible bat”.

Ehun bat lagun bildu dira orain arteko saioetan. Batzuek errepikatu dute, eta beste batzuk aldatzen joan dira. Zeregina anitza da, horregatik, zenbat eta esku gehiago aritu lanean hobe. “Gure filosofiari jarraituz, Piratok beste Donostia bat posible dela uste dugu. Aste Nagusia bera auzolanean aurrera daramagun bezala, hiria ere elkarrekin lan eginez atera behar dugu aurrera”. Ildo beretik, Groseko Marruma elkarteak idatzi baten bidez ezagutarazi du bat egingo duela larunbateko saioarekin. Halaber, auzotar guztiak gonbidatu ditu auzolanean parte hartzera. “Euskal Herrian gauzak beste modu batean egin daitezkeela gailentzen ari da. Jantzi botak eta auzolanera!”.

, , ,