Asteazkena, 2014-10-22

Mexikon zauritutako gazteentzat laguntza eskatu dute

Bost gazte gipuzkoarrek, tartean donostiar bat, istripua izan zuten Cancunen; batek ebakuntza behar izan du.

Udako oporrak atseden hartu eta kultura eta herrialde berriak ezagutuz gozatzeko egunak izaten dira. Zenbaitetan, ordea, gauzak okertu eta amesgaizto bihur daitezke, bidaiarientzat nahiz haien familientzat. Hori gertatu zaie bost gazte gipuzkoarri,tartean donostiar bat, Mexikora egin duten bidaian.
Goierriko Hitzak joan den astean argitaratu zuenez, ikasketak atzerrian egiteko Erasmus programaren bidez, Ataungo gazte bat Mexikora joan zen, eta beste bi, hari laguntzeko aitzakian, bi asteko bidaia egitera joan ziren. Irailaren 25ean, Erasmusek berak antolatutako irteera batean parte hartu zuten. Auto batzuk alokatu, eta Cancun hiri ezagunetik gertu dagoen Cozumel Quintana Roo irlara joan ziren. Arratsaldean, bueltako bidea hartu zutenean, hiru ataundarrak, donostiarra eta Hernaniko beste lagun bat zeramatzan autoak istripua izan zuen. Gehienek, zauri arinak besterik ez zituzten izan, baina gazteetako batek, orno bat hautsita eta beste bat tokiz mugituta zuela artatu behar izan zuten. Handik, Cancuneko ospitalera eraman zuten.
Familiaren aurreneko asmoa, gaztea Euskal Herrira ekartzea bazen ere, bidean hainbat zailtasunekin egin dute topo; izan ere, kulturaz gain, erakunde publikoen funtzionamendua ere oso ezberdina da bi herrialdeen artean. Aseguru etxeekin, hango eta hemengo medikuekin eta kontsularekin hartu emanean egon dira astebetez, eta egoera zail baten aurrean daude. Gaztearen egoera ikusita, tokiz mugitzeak dituen arriskuez gain, aseguru etxeak ez du bidaia horren erantzukizuna bere gain hartu nahi. Hori dela eta, Mexikon bertan egin behar izan diote ebakuntza. Aseguruak ez du, ordea, horren gastua bere gain hartu nahi, eta horrelako operazio batek diru kopuru handia esan nahi du. Horregatik, gizarteari laguntza eskatzea erabaki dute.
Istripuko gastuei aurre egiten lagundu nahi dietenen dirua biltzeko bi kontu korronte ireki dituzte:
Kutxa: 2101 002 696 0012899597
Euskadiko Kutxa: 3035 008 8590 881051193.

, , ,