Iaz baino hobe, aurkari gogorrekin

2011/08/30
Nork

Bukatu berri den KAE-1 Ligan lan txukuna egin du Donostiarra-Kaiarribak eta laugarren postuan sailkatu da; Jose Ramon Mendizabal entrenatzailea pozik dago taldearekin.

Donostiarra, ziaboga hartzeko prest (Argazkia: Maider Celada / KAE Liga)

Bukatu da KAE-1 Liga; gizonezko traineruen bigarren maila gorena. Donostiarra-Kaiarriba, hiriko trainerua, bertan lehiatu da aurten ere, eta laugarren postuan bukatu du. Jose Ramon Mendizabal, Mendi, taldeko entrenatzailea, pozik dago osatutako denboraldiarekin, eta Irutxuloko Hitzarekin egin du errepasoa. «Iazkoa hobetzeko, Ohorezko Txandan sartzera behartuak ginen. Laugarren postuan bukatu dugu, Ohorezko Txandaren barruan eta orokorrean gustura gaude», dio Mendik.

Liga ekainaren 26an abiatu zen Errioxan, eta duela bi egun bukatu zen Santoñan. Guztira 14 estropada jokatu dituzte eta laugarren eta bosgarren postuak izan dira Torrekuak gehien errepikatutakoak. «Iaz baino maila gehiago izan du aurtengo Ligak. Lortu duguna baino gehiago egitea zaila zen; jauzi handia baitago hirugarren postuan geratu den Lekittarra eta gure artean», argitu du. Lekittarraren aurretik geratzea lortu ez badu ere, lehenengo gipuzkoarraren postua irabazi du Donostiarrak Ligan. «Zarautz eta gure artean lehia egon da eta azkenean guk eramango dugu lehen talde gipuzkoarraren bandera. Beti eskertzen dira halako sariak».

Ezustekoren bat ere eman du Donostiarrak. Horien artean dago, abuztuaren 20an Bilbon jokatutako estropada. Izan ere, ia Ligako lehia guztietan gertatu bezala, Bandera Portugaletek (19:55) eraman bazuen ere, Donostiako ontzia izan zen bigarren sailkatua (20:19). «Poz handia hartu genuen egoera kontuan hartuta, erlojupekoetan ez baitago alderik. Azkenean, Ligan zorte txarra izan dugu ona baino gehiago, eta taldeak egindako estropada on asko ez dira emaitzetan islatu». Hurrengo egunean, berriz, Hondarribian izan zuten estropada. Berriro ere irabazlea izan zen Portugaleterengandik denbora berdinera geratu zen Donostiarra. Tartean, ordea, beste hiru ontzik denbora hobea osatu zuten, eta Donostiarra bosgarren tokian sailkatu zen. «Estropadako kaleek eta lehenengo minutuetan egindako lanak eragin handia izaten dute emaitzetan».

Portugalete guztien gainetik
Fitxaketa garrantzitsuak egiteari esker, Portugaletek Ligako jaun eta jabe izatea lortu du. «Portugaleteren helburua maila igoera lortzea zen, eta ziur aski lortuko du. Zierbena geratu da bigarren, azken urteetan egindako goranzko bideari esker, kalitatezko taldea baitu. Lekittarra betiko moduan aritu da, eta lan ona egin du. Santurtzik zorte txarra izan duela esango nuke eta Zarautz, berriz, jaitsi berria izateko, oso ongi aritu da».

Bere taldeari dagokionean, ongi erantzun duela dio Mendik. Bereziki, iazko taldearen muina mantentzea lortu dutelako. Gainera, beheko taldetik igotako gazteek ere lehiatzeko aukera izan dute. Gazteek «dezente» arraun egin dutela dio Mendik eta beraietako bat ia estropada guztietan aritu dela. «Igo nituenean banekien ez zirela titular ziurrak izango, baina ez nituen beti aulkian utzi nahi, horretarako hobe baitzuten beheko taldean jarraitzea».

Arkaitz Diaz patroiarekin ere ezin gusturago dago Mendi. «Donostiarra da eta bertako traineruarentzat ezin egokiagoa. Gainera, lanarekin koordinatzeko zituen arazoei aurre egiteko ahal zuen guztia egin du».

Traineru arteko lehia zuzenean itsasoarekin lotzen den arren, bat baino gehiago izan dira aurten KAE Ligan itsasotik kanpo jokatutako estropadak. Liga hasieran ibaian lehiatu behar izan zuten, baita itsasoa zegoen herrietan ere. Orion, esaterako, jai eguna zela eta, ibaian izan zen estropada, jai girotik gertuago izateko. Horrek ez dio mesederik egin Donostiarrari, argi geratu baita hobeto moldatzen dela itsasoan; eta zakarra bada, oraindik hobe. «Diru aldetik merkeagoak eta antolatzeko errazagoak dira ibaiko estropadak. Horrek eragina izaten du taldeen osaketan, talde trebeak baino, indartsuak behar baitira».

Oraindik ez da lana bukatu
Ligari agur esan badio ere, oraindik Donostiarrak ez ditu denboraldiko lan guztiak bukatu. Izan ere, Donostiako ontzia da datozen bi igandeetan Kontxako Banderan lehiatuko dela ziur dakien klub bakarra. «Liga bukatu arte esan nien ez niela Kontxaz hitz egingo. Beraz, orain iritsi da garaia». Entrenatzaileak badaki, noski, beraien maila baino gorago dauden traineruei aurre egin beharko dietela, baina taldea mailatik gorenena emateko prest dagoela dio.

Osteguneko sailkatze estropadari begira, TKE Ligako Ohorezko Txandan aritu diren lau ontziek ez dutela hutsik egingo uste du Mendik. Bestetik, Pedreña edo San Pedro ikusten ditu hautagaitzak. Hala ere, talde horia ere gogoan izan du: «Oriok ez du talde bezala parte hartzen Kontxan, herri bezala baizik. Beraz, orokorrean Orio sailkatzea ezustekoa izan badaiteke ere, niretzat ez litzateke izango». Gainera, aldaketarik ezean, Orio mailaz jaitsiko da eta lanean jarraitzeko arrazoi bat gehiago iruditzen zaio Mendiri: «Bai KAE Ligarentzat, bai Donostiarrarentzat, ona izango da Orio bezalako talde bat bertan izatea».

KAE-1 Liga: Sailkapen Nagusia
1. Portugalete 161 puntu
2. Zierbena 143 p.
3. Lekittarra 139 p.
4. Donostiarra 113 p.
5. Zarautz 109 p.
6. Santurtzi 101 p.
7. Deusto 80 p.
8. Santoña 73 p.
9. Hondarribia B 66 p.
10. Orio B 52 p.
11. Arkote 27 p.
12. Getxo 26 p.

Etiketak: , , , , , , , ,

Gipuzkoako Ostalaritza Gida

Bilatu zure inguruko sagardotegia

Blogariak

Donostia Kultura

Berriketan.info [RSS]

  • Azkoitiko Hitza-(e)k beste sarrera bat idatzi du Maite Eliasek bere lanak aurkeztuko ditu Behance Portfolio Review-n gunean   duela 10 minutu · Ikusi

    Koadro txikia Maite Elias diseinatzaile azkoitiarrak Behance Portfolio Review topaketan hartuko du parte, Donostian. Datorren astelehenean izango da, eta bi lan aurkeztuko ditu bost minutuko hitzalditxo batean. Diseinura zuzendutako Behance.net sare soziala topaketak antolatzen ari da nazioartean. Bilbon saio bat izan da duela gutxi, eta New Yorken eta Shanghain ere izan dira, besteak beste. Astelehean, diseinu munduarekin [...]


  • Amaia Ventas-(e)k beste sarrera bat idatzi du Jaia euskal kutsuarekin gunean   duela 30 minutu · Ikusi

    Koadro txikia Trikitilari txapelketa, euskal dantzak, sagardoa eta sardina jana, euskarazko film laburrak… Euskal kutsua are nabarmenagoa izango da Getarian datozen egunetan. Urtero legez, Kultura sailak egitarau bete-betea antolatu du Euskal Asterako. Astelehenean bertan hasiko dira ekimenekin; izan ere, euskarazko film laburren emanaldia izango da Gaglo gaztelekuan, 21:00etatik aurrera. Ostiralean ekingo diete, ordea, ospakizun nagusiei. Gure [...]


  • Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitza-(e)k beste sarrera bat idatzi du Mendiko ikasgaiak gunean   duela 1 ordu, 21 minutu · Ikusi

    Koadro txikia

    Villabona-Zizurkilgo Jesusen Bihotza ikastolako LH2. mailako ikasleek mendi ibilaldia egiteko aukera izan zuten iragan ostiralean. Txangoan Amasa inguruetara hurbildu ziren. Bidean aurkitutako eraikinak, landareak eta animaliak ongi behatu zituzten, izan ere, orain eurei buruzko informazioa pilatu eta «lan polit bat» egitea tokatuko zaie ikasleei, irakasleen esanetan.


  • Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitza-(e)k beste sarrera bat idatzi du Udaberriko eguzkiak kultur egitarau oparoa ekarri die iruratar guztiei gunean   duela 3 ordu, 24 minutu · Ikusi

    Eguraldi onarekin batera kultur ekitaldiak etorri dira Irurara. Udaleko kultura eta jai batzordeak egitarau oparoa antolatu du Iruran maiatzean kultura 2012 ekimenaren barruan. Ondorengo egunetan filmak, pailazoak, Ikastolaren Eguna eta hitzaldiak egongo dira, besteak beste, hilaren 26ra bitarte. Hilaren 22an, adibidez, Jon Mindegiagak eta Joxemi Saizarrek Frankismoa eta Trantsizioa Tolosaldean eta Leitzaldean liburua aurkeztuko dute


  • Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitza-(e)k beste sarrera bat idatzi du Landareen lilura gunean   duela 4 ordu · Ikusi

    Koadro txikia
    30 herrialde baino gehiagotan Landareekiko Liluraren Nazioarteko I. Egunaren ospatuko da gaur. Honen harira, Fraisoro laborategian mehatxatutako landareen inguruko jardunaldia egin zuten atzo. Guztira 65 bat lagun inguru elkartu ziren bertan, norberaren esperientziak hitzaldi moduan gainontzekoekin partekatzeko. Ikerkuntzaren garrantzia azpimarratu zuten guztiek. a. imaz